Ondarroako biztanleria, beheranzko joeran
Mutrikuko biztanleria datuak gorantz doaz urtez urte.
Espainiako Estatistika Institutu Nazionalak argitaratu dituen biztanleria datuen arabera Ondarroako biztanleriak beheranzko joera du, Mutrikukoak, berriz, goranzkoa. 2022. urte hasieran Ondarroak 8.246 biztanle zituen, 2021ean baino 80 gutxiago (8.326). Mutrikun, berriz, 5.304 biztanle daude erroldatuta, 2021ean baino 20 gehiago (5.284).
Biztanleria erroldak erabiltzen dituzte batik bat datuak ateratzeko, eta 80ko hamarkadatik gaur egunerainoko datuak eskuan izanik, Ondarroako biztanleriak beheranzko joera izan dutela egiaztatzen dute datuek. Zehazki 1981. urtean 12.150 biztanle zituen Ondarroak, gaur egun baino 3.904 biztanle gehiago, begi bistakoa bilakaturik urtez urte progresiboki izan duen beheranzko joera. Mutrikun, berriz, datuak ez dute aldaketa bortitzik izan. Hala ere joera aldakorra izan du 80ko hamarkadatik gaur eguneraino. 1981.urtean 5.244 biztanle zituen Mutrikuk, beheranzko joera izan zuen 2000. urteraino (4.790 biztanle zituen), ondoren goranzko joerarekin hasi zen, eta urtez urte igotzen joan da, egungo datuetara heldu arte (1981. urteko datuak baino altuagoak izanik).
Mutrikuk 191,54 biztanle ditu metro karratuko, Ondarroak, berriz, 1.919,77 biztanle metro karratuko. Adin tartearen araberako datuak erreparaturik, Mutrikuko biztanleen bataz besteko adina 44,34 urtekoa da, Ondarroakoa, berriz, 47,51 urtekoa. Hauek dira adin tartearen araberako datuak herri bakoitzean:
Mutriku
- 18 urte azpikoak: 962 (%18,2)
- 18 eta 65 urte bitartekoak: 3.246 ( %61,4)
- 65 urtetik gorakoak: 1.076 (%20,4)
Ondarroa
- 18 urte azpikoak: 1.144 (%13,7)
- 18 eta 65 urte bitartekoak: 5.150 (%61,9)
- 65 urtetik gorakoak: 2.032 (%24,4)