Ondarroako Beikoziniren 'Kabareta Truá', diziplina anitzez gozatzeko saioa
Abenduko eta urtarrileko emanaldi guztietako sarrera guztiak agortu ostean, Ondarroako Beikozinik herritarrei esker ona agertu die emandako erantzunagatik. Artistek ere pozik daudela esan dute.
Eespektakulua. Horixe bera da Ondarroako Beikozinik ekoitzitako hirugarren ikuskizuna ere. Abenduko eta urtarrileko emanaldi guztietako sarrerak agortu ostean, Beikoziniko arduradunak eta ikuskizunean parte hartzen duten artistak pozik daude herritarren erantzunagaz. «Jendea oso pozik atera da ikuskizunetik, eta hori poztekoa da».
Abenduko lehendabiziko emanaldia eskaini aurretik arduradunek iragarri zuten nahiz eta formatua aurreko urteetako berdina izan, ikuskizunak ez zuela aurrekoekin zerikusirik, goitik behera berria zela. «Hasieran jendeak aurreko urteetako ikuskizunekin konparaketa egiten zuen. Baina orain denek esan digute hau hobea dela. Oso pozik gaude», esan du Alberto Markuerkiaga Beikoziniko arduradunak. Fede Badiola aktoreak gaineratu du ikusle batzuek esan dietela hirugarren ikuskizun hau aurrekoak baino «txundigarriagoa» dela. «Formatua errotuta dago, eta horrek ere eragiten du. Edonola ere, kategoriako emanaldia dela esango nuke, profesionala», gaineratu Badiolak.
«Liluragarria». Janariaz gozatzeaz gain, belarriak adi-adi edukitzeko eta begiak zabal-zabalik mantentzeko hitzordua da Beikozinik eskaintzen duena. «Bizia, alaia eta liluragarria». Horrelantxerik deskribatu dute ikusle askok Kabareta Truá.
Publikoaren adinari dagokionez, azpimarratu dute oraingoan jende gazte asko joan dela ikustera, «aurrekoetan baino gehiago». Oro har, emanaldi guztietan giro ona izan dela nagusi diote. «Oso giro polita egon da emanaldi guztietan», dio Markuerkiagak. Badiolak nabarmendu du publikoa sekulako energiagaz ateratzen dela emanalditik, eta hori artistek igarri egiten dutela.
Eta aurreko urteetan legez, ondarrutarrez gain, eskualdeko herritar askok ere gozatu dute ikuskizunaz, eta baita ere eskualdetik haratagoko herritarrek. «Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorri da jendea, eta hori poztekoa da. Azken finean, ikuskizun honek emanaldi bakarrean diziplina anitzez gozatzeko aukera eskaintzen du, eta hori ezin da edonon aurkitu», esan du Badiolak.
Otsaileko emanaldiak. Ikusirik publikoa ikuskizuna ikusteko gogoz dagoela, Beikozinik beste hiru emanaldi gehiago iragarri ditu otsailerako; otsailaren 3an, 4an eta 5ean izango dira hurrengo emanaldiak. Otsailaren 5ean bazkaria eta gero eskainiko dute funtzioa, eta beste bi egunetan afaria eta gero. Dena dela, hilaren 4ko emanaldirako sarrerak agortuta daudela esan dute, eta 5erako sarrera gutxi batzuk geratzen direla ohartarazi dute.