Aretxabaletari agur beroa, ingurukoen babesagaz
Andoni Aretxabaleta pilotariari "nahi eta merezi" zuen agurreko omenaldia eskaini diote Markina-Xemeinen.
Urriaren 22an egin zioten agur ekitaldia Bilbon, eta gaur [urtarrilak 14] bere herrian, Markina-Xemeinen, eta bere ingurukoekin babesarekin Andoni Aretxabaleta pilotariak “nahi eta merezi” zuen agurra burutu dute Uni frontoian; familia, lagun eta herritarren babesagaz.
11:30ean abiatu dira goizeko partidak; palaz, zestaz eta eskuz. Partidak nortzuk lehiatuko zuten Aretxabaletaren erabaki zuzena izanik, “nire agurrean nire lagunak jokatzea nahi nuen”, eta hala izan da. Palazko partidarekin ekin diote ekitaldiari Markina-Xemeingo Uni frontoian. Camaño Euskalteleko txirrindulari ohia eta Del Horno Athletic-eko jokalari ohiak osatu dute lehenengo bikotea, eta Gerena eta Albizuri izan dituzte aurkari. Partida osoan Gerena eta Albizuri aurretik joan dira, baina Del Horno eta Camañok bultzada lortu eta 17-17ko berdinketa lortu dute. Azken tantoan, berriz, partidan nagusitu direnek lortu dute azken puntua eta Albizuri eta Gerena nagusitu dira.
Ondoren, zesta puntako partidari ekin diote. Laurak lagunak eta laurak profesionalak, Arbe eta Salegik osatu dute bikotea, aurkari izanik Goitia eta Zabala. Ohiko ikuskizuna eskaini dute pilotariek, eta frontoi bete lagun ikusle izanik, giroa punta puntakoa izan da. “Espektakulu ederra” bezala definitua izan den partidan Arbe eta Salegi nagusitu dira, 25 puntu lortuagaz, Goitia eta Zabalak egindako 20 puntuen aurrean.
Azkenik, eskuzko partida. Ikusleak itxaroten ari ziren partida. Mikel Goñi eta Pablo Berasaluze pilotari ohiak kantxan elkarrekin jokatzen ikusteko aukera izanda, ikusleak prest zeuden ikuskizunari bide emateko. Berasaluze sei urte jokatu barik egon ostean, kantxara bueltatu da bere lagun Aretxabaletaren agurrean jokatzeko, eta “poztasunez” hartu dute pilotari ohi biek partida, “elkarrekin frontoian lehiatu bai, baina talde berdinean jokatu gabe geunden”. Norgehiagoka estua izan dute Uriona eta Zabalarekin, ikusleak partidan guztiz sartuta egon dira, eta Alex Sardui epaile lanetan ariturik, ikuskizuna ez da falta izan frontoian. 8-10 aurrea harturik zuten beteranoek, baina nahi ez zen egoera bat gertatu da: Berasaluze lesionatu egin da eta partida bertan behera utzi behar izan dute. Egoerari buelta eman, eta agurrak aurretik zuen giroari eutsiaz, Goñi eta Urionak banakako partida lehiatu dute hamar tantora. Mikel Goñik bere ohiko tanto ikusgarriak egin dituen arren, ezin izan dio aurrean zuen gazteari eutsi, eta Uriona nagusitu da banakakoan.
Ondoren, agurreko momentu berezienari ekin diote. Andoni Aretxabaletaren agurreko omenaldiari, hamaika urteko ibilbidea egin duen pilotariaren agurrean lagun, familia eta inguruko guztiek parte hartu dute, bakoitzak bere alea eskainiz pilotariari babesa eta berotasuna eskaintzeko. Dantzak, bertsoak, opariak, eta hitz politak nonahi izan dira, Aretxabaleta hunkitzea lortu duten omenaldian.
Une hunkigarria igarota, kiroldegian bazkaria prest zuten, zehazki, 250 lagunentzat. Hortaz, frontoian agurra eginda, orain kalean gozatzeko uneari bide emateko ordua heldu zaie guztiei.