Zuhaitz erorketak, lur jausiak eta urez betetako errepideak utzi ditu Gerard denboraleak
Iragarrita bazegoen ere, domeka gauetik gaur [urtarrilak 17] arte egindako euri jasek eta haize ufadek nahikoa kalte eragin dituzte Lea-Artibai eta Mutrikun. Fien denboralea sartu da gaur [urtarrilak 17].
Haize ufada handiek zuhaitzak bota dituzte Lea-Artibai eta Mutrikuko hainbat txokotan. Horren ondorioz, Aulesti eta Markina-Xemein arteko errepidea itxi egin behar izan dute; Mutriku eta Ondarroa arteko errepidean ere zuhaitzak jausi dira, eta 07:30ak aldera Bizkaia eta Gipuzkoa lotzen dituen errepidea itxi behar izan dute, ordubetez bada ere.
Baina Gerard denboraleak prezipitazioak ere ekarri ditu. Ondorioz, atzo [urtarrilak 16], Lea eta Artibai ibaiak urez gainezka zeuden. Eta beteti gertatu legez, Oletako (Amoroto) parkea urpean geratu zen Lea ibaiak gainez egin zuelako. Aulestin ere parkea ia-ia urpean geratu zen.
Nahiz eta Gerard denboralea pasatu den, gaur [urtarrilak 17] Fien denboralea heldu da; meteorologoek iragarri dute bigarren denborale horrek hotza eta elurra ekarriko dituela. Okerrena eguazten-eguenerako espero da [urtarrilak 18-19].