Amorotok eta Mendexak azkenean ere berreskuratu dute mediku zerbitzua
Herriz herriko zerbitzua izango da: medikuak astean bi egun egingo ditu Mendexan, eta hiru Amoroton. Albistea begi onez hartu dute, baina "oso berandu" iritsi dela adierazi.
Urte bi baino gehiagoko eskakizunen eta borrokaren ostean, datorren astelehenetik aurrera [urtarrilak 23], Amorotok eta Mendexak mediku zerbitzua edukiko dute berriro. Hainbat eta hainbat izan dira sasoi honetan bi udalek eta, oro har, Lea-Artibaiko herritarrek osasun zerbitzua bermatu asmoz egin dituzten eskaerak, eta, azkenik, fruitua eman dute bi udalerriotan.
Denbora horretan guztian, bai Mendexan, bai Amoroton erizain baten zerbitzua baino ez dute eduki, eta ez medikuarena. Horrek, bi udaletatik argitu dutenaren arabera, “atzerapen eta traba pila bat” ekarri du hainbat esparrutan; besteak beste, itxaronaldi luzeak, zuzeneko arretarik eza, espezialistagaz kontaktatzeko zailtasunak edota diagnostikoak zehazteko arazoak nabarmendu dituzte.
Mediku zerbitzu ibiltaria izango dela zehaztu dute, hau da, ez da udalerri jakin batean egongo; egun jakin batzuetan herri batean egongo da eta beste batzuetan, ostera, bestean: martitzenetan eta barikuetan, Mendexan egongo da; astelehenetan, eguaztenetan eta eguenetan, berriz, Amoroton. Ordutegiei dagokienez, lehendik zehaztuta zegoen antolakuntzari eutsiko diote: 08:00etatik 15:00etara.
Beharrezko aurrerapausoa.
Hala Amorotoko, nola Mendexako udaletako ordezkariak “oso pozarren” agertu dira herriz herriko mediku zerbitzuaren berrezarpenaren albisteagatik. Mendexako alkate Pedro Zenigaonaindiak adierazi du “begi onez hartu dutela” urrats hori: “Mediku zerbitzua udalerri guzti-guztiek, edozein tamainatakoak izanda ere, eskuragarri eduki beharko luketen oinarrizko zerbitzua da”.
Pedro Zenigaoinaindia: “Mediku zerbitzua udalerri guzti-guztiek, edozein tamainatakoak izanda ere, eskuragarri eduki beharko luketen oinarrizko zerbitzua da”
Alkateak, era berean, hirugarren adineko herritarrei egingo dien “mesedea” azpimarratu du: «Adinez helduak direnek eta, horrez gain, auzune isolatuetan bizi direnek zailtasunak edukitzen dituzte Lekeitioko anbulatoriora joateko; beraz, beharrezko aurrerapausoa da zerbitzuon berrezarpena».
Amorotoko alkateak, Ibon Gabiolak, azaldu du mediku zerbitzua galdu zenetik “goiko agintariekin borrokan” ibili direla. “Sasoi beltza izan da, eta txarto pasatu dugu, ez baikenuen argi ikusten lehengo egoerara itzuli ahalko ginenik. Zentzu horretan, erabakia berandu heldu da”. Gabiolak zerbitzu hori “finkatzea eta mantentzea” espero duela argitu du. Horrez gain, adierazi du Mendexan edota Amoroton pasatutakoa Euskal Herriko herri txiki ugaritan pasatzen ari denaren “erradiografia” dela argitu du: “Hiriburutik urrun dauden eremuetan oinarrizko osasun zerbitzuak bermatzea geroz eta gaitzagoa da”.
Ibon Gabiola: “Hiriburutik urrun dauden eremuetan oinarrizko osasun zerbitzuak bermatzea geroz eta gaitzagoa da”
“Pasatutako egonezina”.
Medikurik eduki ez duten tartean, herriotako bizilagunak bildu egin dira, “nahitaezko zerbitzua ahalik eta bizkorren berreskuratzeko”. Mendexan sorturiko herritar plataformatik adierazi dute, “zoriontasunez” hartu dutela berrezarpena eta “eskerrik beroenak” eman dizkiete herritarrei eta laguntza beren borondatez emandako profesionalei. Ez hori bakarrik, gogoan eduki dute “hilabete luzez pasatutako egonezina”: “Osasun arazo handiak eduki ditugu, eta guztiz ahaztuak sentitu gara. Herri txikietan bizitza ziurtatu gura baldin bada, oinarrizko zerbitzuak finkatzea hil ala bizikoa da”.