Ioana Osa triatleta ondarrutarrak Peñota Dental Alusigma taldean jarraituko du
37 triatletaz osatutako taldea da. Aurtengo helburua distantzia luzeetara bideratuta egongo da.
Ioana Osa Larruzea ondarrutarrak Peñota Dental Alusigma triatloi taldeagaz lehiatuko du hirugarren urtez jarraian. Asteburuan egingo dute aurkezpena eta taldearen lehenengo topaketa Bilbon.
Peñota Alusigma taldeak 37 triatletaz osatutako taldea aurkeztu du, horietatik zortzi emakumeak dira, eta tartean dago ondarrutarra. Osa pozik agertu da berriagaz. Espainiako estatu mailako talde esanguratsua izanda, Osak azaldu du “leku ezberdinetako jende asko” dagoela taldean.
Espainiako Txapelketak lehiatzen dituzte, eta aurtengo denboraldiari dagokionez, distantzia luzeari begira bideratuko dute denboraldia: “Aurten nesken taldea distantzia luzeetara begira egongo da, batik bat. Gizonezkoen taldea, berriz, distantzia motzera zein luzera”.
Osak aitortu duenez, helburu bezala finkatu ohi du distantzia erdiko bi edo hiru triatloi egitea urtean eta, hain zuzen ere, aurreko denboraldian bete zituen helburuak: Zarauzko, Iruñeko eta Bilboko triatloiak egin zituen. “Ondo joan ziren guztiak, espero nuen denboren barruan ibili nintzen”. Iruñekoa, zehazki, Espainiako txapelketa izan zen, eta talde helburua zeukaten: “Podiuma lortu behar genuen talde bezala”. Horretarako, taldeko lehenengo hiru emakumezko onenen denborak hartzen dituzte kontuan, eta zehazki, bigarren postua lortu zuten: “Aurten lehenengo postua eskuratzea eskatuko digute”.
Aurtengo denboraldiari begira, Teruelen lehiatuko den distantzia luzeko Espainiako duatloi txapelketa izango du lehenengo hitzordua. Triatloiei dagokienez, hiru hitzordu ziurtatu ditu: Zarauzko triatloia, Marbellako distantzia erdiko triatloia eta Espainiako Txapelketa Logroñon. “Data horiek zehaztuta ditut, baina gero, neure gustuen arabera egiten ditut beste batzuk. Gainera, aurtengo udan ez dakit geldialdia egingo dudan edo ez, hortaz, momentuan ikusten joango naiz”.