Martxoaren 3ra arte izena eman daiteke EuskarAbenturan
Espedizioa 2006an eta 2007an jaiotakoei dago zuzenduta, eta uztailaren 1etik 31ra egingo da. Internetez inprimakia betetzeaz gain, aurkezpen bideoa eta proiektua aurkeztu behar dira.
Euskaraz eta euskaratik, hilabeteko esperientzia ahaztezina proposatzen die EuskarAbentura Espedizioak 2006an eta 2007an jaiotakoei. 120 gazte batuko ditu uztailaren 1etik 31ra, Euskal Herria oinez eta euskaraz zeharkatzeko gogoz; izan ere, euskaraz jakitea da parte hartzeko baldintza nagusia: “Gure helburua mundu mailako gazte euskaldunen sare bat osatzea da, beraz zazpi euskal lurraldeetatik datozen gazteez aparte, diasporako parte-hartzaileak ere bilatzen ditugu”.
Hautagaitza Internetez aurkeztu behar da, inprimakia beteta. Horrez gain, aurkezpen bideoa eta proiektua aurkeztu behar dira.
Aurkezpen bideoa gehienez minutu batekoa izan behar da: Norbere burua aurkezteagaz batera, EuskarAbenturan zergatik parte hartu nahi den eta espediziotik espero dena azaldu behar da. Proiektua egiteko sei formatu (historikoa, literarioa, ikus-entzunezkoa, musikala, plastikoa eta sormen digitala) eta hiru gai (turistak vs bidaiariak, natura gizartean/gizartea naturan eta happykrazia) daude aukeran, eta aukeratutako gaia formatu batean jorratu beharko dute.
Apirilaren 14an behin-behineko hautatuen zerrenda argitaratuko dute webgunean, eta apirilaren 14tik 21era behin-behineko hautatuek esleitutako plaza gordetzeko eskatuko zaien bermearen ziurtagiria bidali beharko dute izenemate@euskarabentura.eus helbidera.
Itxaron zerrenda. Espedizioan parte hartzeko hautatuak izan direnetako norbaitek bere plazari uko eginez gero, edota plaza gordetzeko derrigorrezkoa den bermea ordainduko ez balu, bere plaza itxaron zerrendakoei eskainiko diete, hurrenkeran. Horiek apirilaren 21etik 28ra esleitutako plaza gordetzeko eskatuko zaien bermearen ziurtagiria bidali beharko dute izenemate@euskarabentura.eus helbidera.