Prezipitazioek kalteak eragin dituzte Markina-Xemeinen eta Ondarroan
Elurrak aldizkako bide mozketak eragin baditu ere, euri jasek kalteak eragin dituzte Ondarroako Kamiñazpitik Errenteriara artea bidean eta Markina-Xemeingo Goierri auzora joateko bidean.
Markina-Xemeingo Udalak sare sozialen bidez jakinarazi duenez, azken egunetako euri zaparraden ondorioz Goierri auzora joateko errepideak kalteak eduki ditu. «Arrate baserriaren eta Satzuko bidegurutzearen arteko errepidean, hogei metro inguruko zatian bideak behera egin zuen martitzenean [urtarrilak 17], eta bide erdian arrakala bat ere agertu zen». Gaur [urtarrilak 18], baina, arrakala hori gehiago zabaldu da, udalak errepidea guztiz ixtea erabaki du. «Eguenean [urtarrilak 19] orduan hasiko dira konponketa lanak, eta pare bat astetan amaituta egotea espero da».
Bestalde, Ondarroako Udalak ere Kamiñazpi auzotik Errenteriara doan errepidean bide bat itxi dutela jakinarazi du; lur jausia gertatu da gaur [urtarrilak 17], eta horregatik errepidearen zati bat ixtea erabaki dute.
Elurra. Euriaz gain, gaurkoan elurra protagonista izan da, batik bat barrualdeko herrietan. Hala, Aulesti inguruak zurituta agertu dira, eta ordu tarte batzuetan ibilgailu batzuek ezin izan dute zenbait auzotara pasatu.