Eñaut Barruetabeña: "Ez da bilduma soil bat, pentsatzeko prozesu bat da"
Modari bere alea gehitu eta ingurumenari buruzko mezuak zabaltzen ditu bere bildumen bitartez, oraingoan, itsas koralak ezarri ditu erdigunean.
Zazpigarren bilduma aurkeztu zenuen, urrian, 080 Barcelona Fashionen, berezia izan zen zuretzat?
080 beti izan da oso berezian niretzat. Moda ikastera etorri nintzenean ere, 080 izan zen nire lehenengo kontaktua pasarelarekin izan nuena, publiko bezala. Orain bertako parte naizela sentitzea eta hasi nintzenetik leku bat izan dudala ikustea ederra da. Plataforma honek eman zidan bultzada, lehenengo bildumagatik eman zidaten sariari esker izena lortu bainuen, hortaz, bai, estimu berezia diot.
Sant Paun aurkeztu zenuen. Aurkezpenaren lekua baldintza bilakatzen da?
080ren planteamendua da edizio bakoitza leku ezberdin batean egitea. Hori kontutan izanda, gero bilduma ezberdinetan izan ditudan aurkezpenak ere bereziak izan dira, edo politagoak, leku ikonikoak La pedrera izan zen bezala. Baina kontziente naiz desfile presentziala egin nahi badugu, leku hauetan ez dagoela lekurik, orduan bai pentsatu behar duzu zer nahi duzun. Publikodun desfile handi bat nahi baduzu, Sant Pau leku egoki bezain berezia da.
“Denok gara moda kontsumitzaileak, baina kontsumo horren atzean zer dagoen jakin egin behar dugu”
Under deitzen da bilduma, zergatik?
Beti saiatzen naiz izenburuetan hitz jokoak sortzen. Kolekzio honen aldarria da ikusten ez ditugun arazoak ere existitzen direla. Itsaso barruan apurtzen gabiltzala eta lehenengo begiradan ikusten ez dugunez, itsaso azpian dagoenari ez diogula ematen duen garrantzia. Under ingelesez sakonera joatea da, orduan ikuspuntu hori lantzea zen. Dont forget to look under zan bildumaren leloa. Eta nire aita Ander deitzen da, bildumak ez dauka zerikusirik nire aitagaz, baina ahoskatzean, berdinak dira. Hasie-
ratik grazia egin zidan ideiak, eta aurrera jarraitu nuen.
Aurreko bildumek bezala, aldarri argi bat eduki du azken honek.
Koralak jarri ditut erdigunean, koralen lanak ingurumenean duen eragina zuzena eta oso garrantzitsua da, zehazki, airearen garbiketan.
Nola islatu duzu hori zure lanean?
Erabili ditudan formak orain arte erabili ditudanik organikoenak izan dira. Beti esan didate nahikoa zuzena naizela, eta bai mantendu dut hori zenbait piezatan, baina forma organiko gehiago erabili ditut, bolumen organikoagoak, uhin formako bolumenak. Guzti hau koralen deskribapen bat egiteko izan da, horren influentziaz. Zeramikazko pieza batzuk ere sortu ditut sorbaldakoak bezala, eta sorbaldako horien formak koralen forma organiko borobilak izan dira. Koloreari dagokionez ere, bilduma honetarako arrosa kolorea aukeratu dut, eta koraletatik atera dut. Eta beste material berezi batzuen erabilera ere, materiala ikustean, koralen oroitzapena lortze aldera izan dira.
“Moda kontziente bezala definituko nuke nire lan egiteko modua”
Aukeraketa bakoitza garrantzitsua izaten da?
Bildumak egiten zarela desberdintasunak topatzeko, beti berdina ez egiteko, prozesuan gelditzen ahalegintzen naiz, “orain arte hau egin dut, orain zer egin nahi dut? Zertan oinarrituko nai, edo zer aldatu dezaket?”. Prozesu bakoitzean geldiune bat egin eta zerrekin ahal duzun lotu edo zerrekin ahal duzun desberdindu pentsatu. Esana da bildumaren oinarria, zertan oinarritu zaren bilduma egiteko, aitzakia soil bat izaten dela zuk nahi duzuna lortu justifikatzeko, hortaz, loturak egiten saiatzen zara.
Zazpigarren bilduma aurkeztu duzu, hortaz, jada ibilbide bat duzu moda munduan.
Nola definituko zinateke diseinatzaile bezala?
Uste dut sentitzen dudanari leiala izan naizela, egiten eta sentitzen dudanarenganako. Hasieran sentitzen nuenaren arabera diseinatzen nuela uste nuen, eta uste dut horrela jarraitzen dudala. Ez naiz asko lagatzen eramaten momentuko joerekin edo besteak egiten duten horrengatik, beti egiten dut nik gustuko dudana eta nik nahi dudana momentu horretan. Mezu bat izaten dut. Bilduma bakoitzarekin mezu bat zabaltzen saiatzen naiz, eta modari zerbait gehitu nahi izaten diot. Ez da arropa bilduma soil bat, pentsatzeko prozesu bat ere bada, denok gara moda kontsumitzaileak, baina kontsumo horren atzean zer dagoen jakin egin behar dugu, eta horretarako mezu bat zabaltzen dut bilduma bakoitzarekin. Moda kontziente bezala definituko nuke nire lan egiteko modua.
Sormen prozesu bat izanik, zein izaten da zure lan egiteko modua?
Duela bi urteko bildumari dagokionez, egunkaria irakurtzen ari nintzen, eta Prestigen 20. urteurrenari buruzko albiste bat irakurri nuen, eta bilduma lantzen hasteko oinarrizko gai bezala aukeratu nuen. Ideia hori hartu nuen, eta horren inguruan hasi nintzen forma eta koloreak pentsatzen. Orain, koralen suntsipenaren inguruko dokumentala ikusi nuen, eta ikertzen hasi nintzen. Koralak oinarri hartu eta formak,koloreak eta materialak aukeratu nituen. Ondoren, paperean diseinatzen hasten naiz, behin bukatuta, patroiak sortzen ditut, moztu eta josi. Hau da prozesua laburbilduta, baina oinarrian topaketa prozesuarekin hasten dira nire bilduma guztiak. Oinarrian guztiak izaten dira ingurumenaren inguruan kontzientzia sortzeko gaiak, hortaz, erraz lortzen dut bildumaren leloa.
Hurrengo bildumaren urratsik ematerik?
Bilduma berria prestatzen ari naiz, buru-belarri. Maiatzean aurkeztuko dut nire zortzigarren bilduma 080 Barcelona Fashionen barruan. Gaur- gaurkoz gaia ezin da aurreratu, baina orain arteko jasangarritasunaren ildotik joango da, kontzientzia sortu nahiaren ildotik. Orain asko entzuten den gai bati buruzkoa izango da, zehazki, negu berotsu hau eta gero etorri dena.