Olaia Inziarte eta Janus Lesterren kontzertua, Ondarroan
Pop estiloa dakarten musikari nafarrak Beikozinin ariko dira domekan [urtarrilak 22] euren lan berriak aurkezten, 19:00etan hasita. Sarrerak Internetez edo txarteldegian erosi ahal dira.
Inziarte oronoztarrak Lehengo lepotikan burua bere bakarkako lehenengo diskoa aurkezteko baliatuko du emanaldia. Musikari nafarrak azaldu duenez, bere amonari entzundako esaldi bat izan du abiapuntu lana sortzerakoan. «Esaera horrek esan nahi du pertsona bat ez dela aldatzen, edo lehengo martxa berean jarraitzen duela. Onerako zein txarrerako, uste dut zentzu askotan ez naizela horrenbeste aldatu Olaia txiki horrekin alderatuta».
Terapiako gomendio gisa hasi zen kantuak sortzen, eta txikitatik zuen ametsa errealitate bihurtzeko aukera «bat-batean» suertatu zitzaiola dio: «Neure burua ongi inguratuta ikusi nuen, eta, batez ere, prest». Hala, iazko apirilean hasi zen kantuak sortzen, eta abenduan aurkeztu zuen emaitza, Durangoko Azokan.
Abesti bakoitzean istorio edo egoera bat kontatzen duela dio, baina istorio horiek guztiak lotzen dituen hari bat dagoela dio: «Bizitzak kutsatu gabeko Olaia txikian bilatu dut diskoa osatzeko inspirazioa eta indarra». Oro har, mimoz egin duen lana dela dio.
Bestalde, Jokin Pinatxo abeslari beratarra buru duen Janus Lester taldeak Ez gaitzala loak harrapatu euren lehen diskoa aurkeztuko dute. Urteetan bakarka aritu ostean, Pinatxok ondoko musikariekin batera ondu du proiektu berria: Mattin Arbelaitz (bateria), Garazi Esnaola (teklatua), Ane Bastida (baxua), Andoni Arriola (tronboia), Javi Etxarri (gitarra) eta Julen Suarez (tronpeta).
Pinatxok dio beti egon dela musikari lotuta. «Pasioa da, astean ordu pila bat eskaintzen dizkiot eta horretan ez nagoenean ere musikaren inguruan edozer gauza egiteko gogoz egoten naiz». Sormen prozesuan gustura sentitzen dela aitortu du.