Urtarrilaren 28an kalera ateratzeko deia egin du Gazte Koordinadora Sozialistak
Autobusak egongo dira eskualdeko herrietatik Bilbora joateko.
Enpresari eta agintarien erasoaldiaren aurrean, gazte langileok borrokara lelopean, zapatuan [urtarrilak 28] Bilboko eta Iruñeako kaleetara ateratzeko deia egin dute Gazte Koordinadora Sozialistatik. “Kapitalismoaren krisi sakona bizitzen ari gara, baina guztiok ez ditugu modu berean sufritzen krisi horren ondorioak. Are gehiago, bankari eta enpresari handiak negozioa egiten ari dira testuinguru honetan”. Horren aurrean, batasun politikoa sustatzearekin batera, “beharrezkoa ikusten dugu enpresari handien eta agintarien erasoaldiari aurre egitea”.
Lea-Artibaiko Gazte Koordinadora Sozialistatik lanean aritu dira, eta hainbat ekimen antolatu dituzte azken hilabeteetan, ekimen ezberdinen bitartez hausnartzeko espazioak sortzeko helburuarekin: “Manifestazioaren aurkezpenak egin dira eskualdeko herrietan, edukiak atera dira mahai gainera eta hausnartzeko eta eztabaidatzeko espazioak sortu dira, eta guzti hori aisialdiarekin uztartuta, tartean, Mutrikuko bertso afaria eta Ondarroako jaialdia”. Gainera, hainbat herritan mobilizazioak ekarri duen lana antolatzeko komiteak ere sortu dira.
Zapatuko hitzorduaren arira, autobusak antolatu dituzte eskualdeko hainbat herritatik. Txartelak erosteko aukera egongo da hiru euroren truke; sare sozialen bitartez, gelditzen diren ekimenetan eta kalean jarriko diren informazio puntuetan. Bilbora joateko autobusak 16:00etan aterako dira, bueltako autobusa, berriz, 20:00etan izango da.
- Lekeitioko geltokian, 16:00etan.
- Mutrikuko biribilgunean, 16:00etan.
- Ondarroan portuan, 16:00etan.
Zapatuan, gainera, manifestaziora joan baino lehenago Ondarroako gaztetxean batzeko hitzordua ezarri dute, 12:30etan, ondoren bazkaria egingo da. Osteguna [urtarrilak 26] baino lehenago izena eman beharko da, sare sozialetatik idatzita.