Josu Arrizabalagak osatutako 'Ondarruko Hiztegixe' kontsultatzeko aukera dago
Ondarroako hitz eta esaera zaharren bilduma osatu eta herritarrei eskuragarri jartzeko webgune berria jarri du martxan.
Ondarru berbetan webgunea martxan jarri du Josu Arrizabalaga Basterretxea Zarautzen bizi den ondarrutarrak. ‘Ondarroako hiztegia’ landu du, hitz eta esaera zaharren bilduma osatuz, eta herritarrei eskuragarri jartzeko webgunea eskuragarri jarri du. Webguneak Ondarroako erabiltzen diren eta erabili izan diren berba, lokuzio, esaera, eta metaforak eskaintzen ditu. Gainera, bilaketak modu irisgarri batean egin daiteke, eta orrialdeak deskargatzeko aukera ere eskaintzen du.
Arrizabalaga egilearen esanetan “webgune honek Ondarroan erabiltzen diren eta erabili izan diren berba, lokuzio, esaera, metafora eta abar eskaintzen dizkizu. Ondarroa duela gutxi arte erabat eta osorik izan da arrantzale herria, horregatik, bertan garatu den berbetak itsasoa eta arrantza izan ditu zimentarri eta ardatz”.
Transmisioa soilik ahozkoa denean, hizkuntza ahulduz eta galduz joan ohi dela abiapuntu hartuta, lanean hasi zen Arrizabalaga. “Belaunaldi batek hurrengoari eskaintzen dionetik, honek ez du guztia jasotzen bere osotasunean. Gure herriko bizimodua azken urteetan arrunt aldatu denik ezin ukatu. Sasoi batean gazte gehienek itsasoari so bizi ziren bitartean, orain garbi dago beste bide batzuk hartzen dituztela. Joera honek hizkuntzan ere izan du eraginik”.
Arrizabalagaren gurasoek erabiltzen zituzten hizkuntza baliabideak eta berak eta bere belaunaldikoak erabiltzen zituztenak ezberdinak zirela erreparatu zuenean, berbak jasotzeari ekin zion: “Batez ere berbak jasotzen nituen. Horregatik idazten hasi nintzenean lanari hiztegi forma eman nion”. Ez dira, ordea, berbak soilik jaso dituenak, testigantza eta istorioak daude atzetik, ingurukoei galderak egitean grabagailua martxan jarri eta testigantzak jaso baizituen. “Ez nintzen ohartzen berbak, lokuzioak eta esamoldeak jasotzean horien testuinguruaren testigantza ari nintzela gordetzen, hots, gure aurrekoen bizitzarekiko eta munduarekiko ikuspegia, bizi izan zuten erlijioaren eragina, ohiturak, kezkak, lana, giro politikoa, hitz batean, beren pentsamoldea, portaera eta bizimodua”.
Hortaz, urteetako lana oinarri harturik, Ondarroako hitz eta esamoldeen bilduma aberatsa jasotzeaz gain, Ondarroako herritarren testigantzak daude bilduta lanean, eta eskuragarri daude nahi duen orok kontsultatzeko.