Aulestiko Kobaren 'Txikitor' zaldia nagusitu da Nareako San Bizente jaietako proban
Aulestiarraren zaldiak 53 untze eta 10 metro eginda irabazi du proba; Ibekohondoren 'Kaiku'-k 48 untze egin ditu. Eguraldiak lagundu ez arren, giro ona izan da Aulestiko auzoan.
Aulestiko Narea auzoko bizilagunek ondo dakite eguraldiari aurre egin eta jaiak antolatzen. Azken urteetan nahikoa eguraldi ona egin izan badu ere, denboraleei aurre egin eta beti ospatu izan dituzte San Bizente jaiak, modu batera edo bestera. Aurten ere, euriari eta hotzari aurre eginda, giro ona izan da auzoan.
Meza ostean umeentzako jolasak egin dituzte; euria ari zuenez, baserri bateko atarian egin dituzte jolasak, aterpean. Espazioa handia ez izan arren, txiki eta gaztetxoek ondo pasatu dute. Amaieran, auzotarrek gozokiak eman dizkiete ume guztiei.
Ostean zaldi proba egin da. Horretan Ibekohondoren Kaiku zaldia eta Aulestiko Kobaren Txikitor aritu dira. Amallotik (Markina-Xemein) ekarritako 800 kiloko harriari tira eginez, hogei minututan untza gehien egin dituenak irabazi du auzoko manta, eta hori Txikitor izan da; Kaiku-k 48 untza egin ditu (epaileek 2 untza baliogabetu dizkiote), eta Txikitor-ek 53 untza eta 10 metro.
Trikitilariek ere tarte batean musikaz jantzi dute auzoa, eta eguraldiak lagundu ez arren, aulestiarrek ez dute urteroko hitzordura hutsik egin. Arratsalderako umeentzako herri kirolekin gozatzeko ekintza berezia prestatuta egon bada ere, auzotarrek esan dute eguraldiaren arabera erabakiko zutela egin edo ez.