Martxoaren 17a da aurtengo Peru Abarka album lehiaketara lanak aurkezteko azken eguna
Lehiaketa 18 urte edo hortik gora duten edozein herritarrei zuzenduta dago; kategoria bakarra egongo da (Heldunetzako literatura). Bakarrik euskara batuan idatzitako ipuinak onartuko dira, prosaz zein bertsoz idatzia.
Beste behin ere, album lehiaketa bi ataletan banatuta egingo da: lehendabizi narrazio onena aukeratzeko lehiaketa egingo da eta, ondoren, aukeratutako narrazio hori ilustratzeko proposamenik onena aukeratuko da. Lehiaketa 18 urte edo hortik gora duten herritarrei zuzenduta dago, eta lehiatzaile bakoitzak gehienez ere bina lan aurkeztu ahal ditu. Irabazle bakarra egongo da eta 2.000 euro jasoko ditu. Horrez gain, lana album formatuan argitaratuko da.
Gaia librea izango da, eta ipuinak originalak, beste inon argitaratu gabeak eta beste inongo lehiaketan saritu gabeak izango beharko dute. Azken hori ziurtatzeko, egileak zinpeko adierazpena egingo du, baldin eta haren lana lehiaketa honetan sarituko balitz. Narrazioek gehienez ere 15.000 karaktere edukiko dituzte, eta, gutxienez, 11.000 (espazioak barne).
Lanak nola aurkeztu? DIN-A4 tamainako orrietan, ordenagailuz eta alde bakarretik idatzita, 1,5eko lerro arteagaz eta Times New Roman izeneko letra motagaz (12 puntukoa). Orriak zenbatu egingo dira, eta orrialde guztietan adieraziko da lanaren izenburua.
Kopia bakarra aurkeztuko da gutun azal itxi batean. Gutun azal horretan ez da egilearen izena ipiniko, baizik eta titulu edo ikurritz bat. Titulu edo ikurritz bera idatziko da lanaren orri guztien buruan. Gutun azalaren barruan, ostera, titulu edo ikurritz bera duen beste gutun azal bat sartuko da. Bigarren gutun azal horren barruan adieraziko dira egilearen datuak: izen-abizenak, telefono zenbakia, helbide elektronikoa, jaiotze data eta helbidea. Nortasun agiriaren kopia bat ere sartu beharko da.
Lanak Markina-Xemeingo Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu daitezke, bai eta postaz arruntez bidali ere:
Markina-Xemeingo Udala
‘Peru Abarka Album Lehiaketa 2023’
Goiko Portala 3
48270 Markina-Xemein (Bizkaia)