Berritxu Zesta Eskolak antolatuta, ekimena haurren minbiziaren kontrakoa izango da; Aspanovasentzako batuko dute dirua. Ekintzak iluntzera arte egingo dira.

Berritxuko Zesta Eskolak antolatuta, haurren minbiziaren kontrako II. Zesta-Punta Jaialdi Solidarioa egingo dute zapatuan [martxoak 18] Berriatuko Mendibarren frontoian. Batzen duten diru guztia Aspanovasentzako izango da, eta antolatzaileek herritarrei ekimenean parte hartzeko dei egin diete.
Gipuzkoan ere minbizia duten haurren aldeko jaialdi solidarioa egiten zutelako eta gaitzak gertutik ukitzen zituelako, eurek ere horrelako zer edo zer egin zezaketela pentsatu zuten Berritxu Zesta Eskolako kideek. Hala, 2020ko urtarrilean egin zuten lehenengo jaialdia, eta diru asko batu zutela eta pentsatu baino hobeto atera zela diote. «Gero pandemia etorri zen, eta dena geratu zen. Aurten, ostera, gogotsu eta indarberrituta berriro ere jaialdia berreskuratzea erabaki dugu».
2020an jende askok parte hartu zuela eta Mendibarren frontoian sartu-irten asko egon zela esan dute. «Ez da jaialdi bat zeinetan denbora osoa han egon behar duzun. Momentu baten egon ahal zara, eta gero joan, eta berriro itzuli…».
Jaialdi xumea dela esan dute, euren ahalmenetik egin ahal dutena. «Ez dakigu zenbatero egingo dugun, baina argi daukaguna da datozen urteetan ere jaialdiari jarraipena emango diogula».
Egitaraua
- Eguerdian. Zesta jolasak.
- 17:00etan hasita:
- Zesta Eskolako pilotarien kinielak.
- Dantza omenaldia.
- 1. partidua: Gonzalo-Argoitia/ Amets-Diaz.
- 2. partidua: Goiko-Garita/ Erkiaga-Aimar.
- Zozketaren sari banaketa.
- Dohaintzak egiteko:
- Kontu korronteak: ES23-2095-0369-2320-9400-4868 edo ES11-3035-0134-4413-4002-5801.
- Bizum egiteko: 00841.