Saturrarango etxebizitza batean lapurretan egitera sartu dira
Ertzaintzaren ikerketa martxan dago, eta indarkeriaz egindako lapurreta ari dira ikertzen.
Goizaldean Saturrarango etxebizitza batera sartu dira lapurretan egitera, Ertzaintzak zehaztu duenez 03:00etan gertatu da. Ikerketa abian dago eta indarkeriaz egindako lapurreta ari dira ikertzen. Gaur gaurkoz ez dute inor atxilotu.
Joseba Palenzuela Mutrikuko alkateak egoerari buruz adierazpenak eman ditu: “Hondartzan dagoen etxe bakar batean sartu dira, bertan bizi diren senar-emazteak jaiki eta enfrentamendua egon da, labankadaren batzuk omen dira”. Azken urtean lapurreta eta eraso kasuak gehitu egin direla baieztatu du Palenzuelak: “Herrian segurtasun ezaren sentimendu oso nabarmena dago herritar guztien artean esango nuke. Azken asteetako kontu bat baino azken urteko kontua dela esango nuke”.