Debabarrenako mankomunitateak gaikako bilketa indartu nahi du
2022ko datuen arabera Debabarrenako herritar bakoitzak 426kg hondakin sortu zituen.
Debabarrenako mankomunitateak bideo didaktiko bat zabaldu du gaikako bilketaren inguruan herritarrak sentsibilizatzen jarraitzeko asmoz, zehazki, ontzi arinen birziklapena areagotu eta modu egokian egitea ziurtatzeko. “Bideoaren helburua da herritarrak sentsibilizatzen jarraitzea gaikako bilketaren inguruan”. Kasu honetan, edukiontzi horian utzi daitezkeen hondakinak adierazteaz gain, gaikako bilketaren funtzionamenduaren inguruko informazio hezitzailea ere azaltzen da.
Mankomunitateak egindako azterketaren ondoren, datuak eskuan izanik Ondo birziklatzea, guztion onura kanpainan esandakoa indartzeko asmoz dator bideoa, hala nola, herritarrei birziklatzeko joera edo ohitura indartzera. Izan ere, 2022ko datuen arabera Debabarrenako herritar bakoitzak 426kg hondakin sortu zituen, eta horietatik %55 bildu zen gaika, hortaz, gainerako %45a errefusa bezala. “Datuek erakusten dute oraindik badagoela tartea hobetzeko”. Datu hauek arreta deitu dute, eta batez ere plastikoari dagokionez, zehazki, bildutako hondakin kopurutik, soilik 19 kg izan ziren ontzi arin moduan bildu zirenak: “Guztiok hondakinak modu egokian sailkatuko bagenitu, urtean 2.021.964,99 euro inguru aurreztuko lituzke Debabarrenako Mankomunitateak”.
Mezua argi zabaldu nahi izan dute datuak aldatzeko asmoz: “Garrantzitsua da hondakin horiek dagokion edukiontzi barruan uztea, bestela ez baitira gaika biltzen. Eta ezin dira bertan utzi ontziak ez diren plastikozko eta metalezko objektuak, errafiazko poltsak, eskolako materiala, jostailuak…”.
Fruta dendak. Herritarren sentsibilizazio kanpainaren barruan azken asteetan eskualdeko fruta dendak bisitatu dituzte; 75 guztira. Hondakinak gaur egun nola banatzen dituzten ezagutzeko eta birziklapen ohiturak hobetzeko izan ditzaketen beharrak antzemateko. Helburu horrekin, ingurumen hezitzaileek galdeketa bat egin diete fruta dendetako arduradunei eta eskuorri bat banatu diete, non azaltzen den edukiontzi marroira zer bota daitekeen eta zer ez.
Bisita horietan egindako galdeketaren emaitzak ikusita, bisitatutako establezimenduen erdiak hondakin bilketa sistema “egokia” dela adierazi dute. Mutrikuko fruta denden kasuan, bilketen maiztasuna handitu beharko litzatekeela eta edukiontzi gehiago jarri beharko lituzketela ondorioztatu da.