Lekeitioko Garraitz irla erreserba natural izendatzeko eskatu du Atabakak
Kultur taldeak dio uharteko biodibertsitate aberastasuna "izugarria" dela. Eskaera Lekeitioko Udalari aurkeztu diote.
Eskaera egiterakoan, Atabaka kultur elkarteko kideek esan dute uhartea gero eta jende gehiagok bisitatzen duela, “bertako paisaia bereziak eta parke arkeologikoak sortzen duten interesagatik”. Horren jakitun, uhartea “gaizki erabiltzearen ondorioetatik babestu” behar dela diote.
Hain zuzen ere, Garraitzen itsas hegaztiak nabarmentzen direla gehien esan dute. “Itsas labarretan habiak egiten dituzte. Belatz handia (Falco peregrinus) eta beste espezie batzuk nabarmentzen dira. Hegazti jakin batzuen kumaldia sentikorra da, eta data batzuetan babestu beharra dago”.
Besteak beste, eskatzen dutena da txakurren sarbidea, dronen erabilera eta sentikorrak diren eremuetara pertsonen irisgarritasuna erregulatzea. “Udalak erantzun digu sakon aztertu behar dutela. Logikoa da, espero dugu gehiegi ez atzeratzea”.