'Koruko neskak' izeneko kantaldi herrikoia egingo dute Ispasterren
Emanaldia barikuan [apirilak 21] izango da, San Migel elizan, doan. Itxaro Mentxakak zuzenduko du bederatzi abeslariz osatutako abesbatza.
Ekitaldia Ispasterko Udalak antolatuta dago, eta domekan [apirilak 21] 19:00etan hasiko da. Itxaro Mentxaka izango da emanaldia zuzenduko duena, eta emakumezko bederatzi abeslari lekeitiarrez osatutako abesbatza gidatuko du. Sarrera doan izango da.
Abeslari taldeak abenduan Lekeition eskaini zuen estreinako emankizuna, baina orduko hura “ez zen publiko egin”, azaldu du Mentxakak. Gerora, eguaztenero Ispasterren entseguak egiten aritu dira, eta orain behar hori guztia argitara emango dute. “Abeslariak ez dira musikari adituak, baina munduko ilusio guztia ipintzen dute entsegu bakoitzean, eta Lekeitioko Itxas Soinua abesbatzan ibilitakoak dira; diziplinaz lan egin dute, eta orain prozesu hori herritarrei erakustea tokatzen zaigu”.
Itxaro Mentxaka: “Jendea gogotsu dagoela ikusi dugu eta, beraz, seguru ikusleek harrera bikaina egingo diotela egitasmoari”
Denetarik abestuko dute. Hiru ordu laurden inguruko kontzertua hiruzpalau pieza erlijioso abestuz hasiko dute; jarraian, euskal folkloreko beste horrenbeste kantatuko dituzte eta, amaitzeko, “saski-naski bat” egingo dute. Mentxakak kantaldiaren «aurreikuspen ona» du: “Jendea gogotsu dagoela ikusi dugu eta, beraz, seguru ikusleek harrera bikaina egingo diotela egitasmoari”.