Munitibarko bonbardaketa, liburu batean jasota
'Munitibar 1937/04/26: Aire-eraso baten kronika' izeneko liburuaren aurkezpena egingo dute domekan [apirilak 23], 12:00etan hasita, Munitibarko udal aretoan.
Munitibarko Udalak Ahaztuen Oroimena taldeagaz elkarlanean antolatuta, Munitibar 1937/04/26: Aire-eraso baten kronika izeneko liburuaren aurkezpena egingo dute datorren domekan [apirilak 23], 12:00etan hasita, udal aretoan. Liburuaren oinarria azken urteotan Munitibarren memoria historikoagaz egindako lanketa guztia da, antolatzaileek azaldu dutenaren arabera. Gai nagusia, izenburuak adierazi legez, 1937. urteko apirilaren 26an Kondor Legioak Munitibarren egindako aire erasoaldia da. Gertakizun hori, izan ere, egun berean gertatutako Gernikako bonbardaketa entzutetsuak isilduta geratu ohi da sarritan.
Kronika itxurako liburua aurkeztuko dutela aurreratu dute antolakuntzatik. Kronika horren errelatoa, hain zuzen ere, munitibartarrekin auzolanean egindako elkarrizketek eta jasotako testigantzek osatzen dute. “Norbanakoen bizipenetatik abiatuta, kontakizun orokor bat eraiki ahal izan dugu”, azaldu dute. Horrez gain, argitu dute herritarrengandik jasotako ekarpen guztiak jasotzen saiatu direla, egun hartan geratu zena “dokumentatzeko, gordetzeko eta balioan jartzeko”.
Liburuak erasoaldia orduko egunak eta ondorengoak ere jasotzen ditu
Egun jakin hartan pasatutakoaz gain, erasoaldia orduko egunei buruzkoetan ere sakondu dute, lanketa prozesuan zehar: “Erasoa testuinguruan ipintzeko balio du horrek, gertatu zena ulertzeko baliagarria da. Gainera, erasoak hurrengo egunetan eragindakoak ere jasotzen ditu liburuak, hala nola, beldurra, zaurituak edo zendutakoak. Era berean, aire eraso horri buruzko informazio gehigarri pila bat ere barnebiltzen du aurkeztuko duten liburuak. Besteren artean, ondoko informazioa biltzea lortu dute: gerrako frontean ibilitako munitibartarren zerrenda, Munitibarren errefuxiatutako zibilen zerrenda, hobi komunen informazioa, egindako deshobiratzeak, eta abar.
Iaz, bonbardaketaren 85. urteurrenean, egun hartan hildakoak eta gertakizun historiko hura jasan zutenak omendu zituzten herriko plazan
Iaz, apirilaren 26an bonbardaketan hildakoak eta egun hartako gertakizunak pairatu zituztenak omendu zituzten herriko plazan, hainbat zatitan banaturiko ekitaldi hunkigarrian. Jarraian etorri zen memoria lekuen ibilbidearen proiektua; orain, liburu horren aurkezpena izango da munitibartarrek memoria historikoaren alde egiten duten lanaren hurrengo erakuslea.