XI. Lea-Artibai Rallyea, hastear
XI. Lea-Artibaiko Rallyea lehiatuko dute zapatuan [apirilak 22]. Inoizko partaidetzarik handiena egongo da aurten, 70 auto ingurukoa.
XI. Lea-Artibaiko Rallyea Euskal Herriko Zirkuituko lehen proba izango da, eta goi mailako parte hartzea edukiko du. Kastinparro Racing Taldeko antolatzaileek aurreratu dute “inoizko partaidetzarik handiena” izango dela: 70 auto inguru egongo dira irteeran.
Egiaztapen tekniko eta administratiboak barikuan [apirilak 21] egingo dituzte, 16:45etik 19:00etara bitartean, Lekeitioko portuan. Jarraian, parte hartzaileak Markina-Xemeinera joango dira, zapatuan han hasiko baitira. Zortzi tarte kronometratu edukiko ditu ibilbideak, lau bloketan banatuta; tarte bakoitzetik birritan igaroko dira.
Lehen blokea Markina-Xemeinen hasiko dute zapatuan, 08:45ean, eta Aulestira joko dute parte hartzaileek. 4,6 kilometroko luzeragaz, antolatzaileek “errepide estuak eta jaitsiera teknikoa” nabarmendu dituzte. Bigarren tarteak EreƱo eta Ispaster lotuko ditu; hasieran bide biko errepidean ariko diren arren, amaieran bide estua topatuko dute, Kortazar auzoan amaituz.
Berriatuan lehen elkartzea egingo dute, goizeko bigarren blokeari ekiteko; bloke horretan ibilbide bera errepikatuko dute. Eguerdian Markina-Xemeinen elkartuko dira, eta 15:14an arratsaldeko egitaraua hasiko da: Munitibartik Trabakuako mendate gailurrerainokoa izango da. “Tarte luzeena da, eta denetariko osagaiak ditu: bide estu eta zabalak, igoera eta jaitsiera gaitzak zein gune bizkorrak”.
Sailkapeneko lehen hiruez gain, auto motaren araberako sariak ere banatuko dituzte
Laugarren tartea Eibartik Etxebarrira artekoa izango da; tartean, Ixua mendatea igo eta jaitsiko dute, amaiera “oso entretenigarriagaz”. Tarte horiek biak ere birritan egingo dituzte arratsaldez. Rallyea Etxebarrian bertan amaituko dute, han egingo baitute sari emate ekitaldia. Sailkapeneko lehen hiruez gain, auto moten araberako sariketa ere egongo da: “Kotxearen prestakuntzaren eta zilindradaren araberako sailkapena izango da, eta 10 kotxe mota egongo dira”.
Gidaririk onenak, irteeran. Euskal Herriko gidaririk puntakoenak irteera lerroan egotea aurreikusten dute antolatzaileek, behin betiko zerrenda oraindik publikoa ez den arren. Eskualdeko parte hartzeari dagokionez, besteak beste, honakoak ariko dira: Gorka Antxustegi, Garikoitz Lopez, Txus Jaio, Aitor Saizar edota iazko garaile Ioritz Odiaga.