Yolanda Larreategik irabazi du Peru Abarka album lehiaketa, 'Puta gorda' lanagaz
Idazle markina-xemeindarrak hirugarrenez irabazi du lehiaketa. Epaimahaiak nabarmendu du "errepikapenak duen indarra", "irakurlearen partaidetza aktiboa" eskatzea eta eszenak "ondo" deskribatzea.
Lodifobia, eskola jazarpena eta, zeharka bada ere, sare sozialen erabilera. Horiek gaitzat hartuta idatzi du Larreategik Puta gorda, 2023ko Peru Abarka Album Lehiaketa irabazi duen lana. Epaimahaiak dio gaiak, tamalez, gaurkotasuna duela. “Autolesionatu egiten da protagonista ikusezina izan nahian, baina ezkutatu egiten die hori guztiei, baita gurasoei ere. Ikusezina izateko ‘errezeta’ zein den ere badaki”.
Azaldu dute istorio bat kontatzeko forma esperimentala aukeratu duela egileak. “Bigarren pertsonak indarra dauka: jolastu egiten du horrekin, eta azkenean, amaieran, bere buruari ari zaio hori guztia esaten; irakurle-idazle elkarrizketan kodea errespetatu du, eta sorpresa bat eman digu amaieran”. Oro har, narrazioak progresio tematiko egokia duela iritzi dio.
Hain zuzen ere, bigarren pertsona aukeratzeak irakurlearen arreta bereganatzena dakarrela azpimarratu dute. “Guri ari zaigu, zuzenean. Irakurlearen partaidetza aktiboa eskatzen du, eta lortu ere lortzen du. Oso efektiboa da. Nahi ala ez, hori sufritu ala ez, sartu egiten gara ataka horretan”.
Errepikapenak duen indarra ere azpimarratu dute: “Puta gorda behin eta berriz irakurtzeak sortzen duen deserosotasuna, tristura… eta nola hori bilakatzen den arma protagonistaren eskuetan. Puta gorda zulagailu bat da, gutxinaka atsekabetzen gaituena”.
Eszenak ere “ederki” deskribatzen dituela esan dute. “Ikusi egiten da protagonista hozkailua irekitzen gauean, dutxa hartzen duenean, zaurgarri agertzen denean… Ongi kontatuta dago, gogorra, zuzena da”. Akzioak eta pentsamenduak narrazioan modu orekatuan tartekatzen direla ere gaineratu dute.
Irabazle, hirugarrenez. Larreategik I. Peru Abarka album lehiaketa irabazi zuen 2006an Zaharrak berri, euriak lanagaz. Eta bigarrenez 2020an irabazi zuen, Bi txantxangorri haritz adarrean lanagaz.