Dantza kalera aterako dute Ondarroan
Ehun dantzari baino gehiago bilduko ditu Ondarroako Barrak eta Dantza Kalean ekimenak. Eguraldi txarra eginez gero Zaldupe eskolako patioan egingo da.
XV. Ondarroako Barra eta Dantza kalean ekimenak egingo dituzte zapatuan [apirilak 29] Ondarroan. Nazioarteko Dantzaren Eguna ospatzeko asmoz Dantzarte Elkarteak dantza kalera ateratzen duen ekimena antolatzen du.
Ondarroako, Lekeitioko eta Villasada de Menako (Castilla eta Leon) ballet eskoletako 69 dantzari elkartuko ditu Ondarroako Barrak, eta ohi bezala, Plaiko Zubiaren ondoan izango dira dantzaldiak; 12:00etan abiatuko da Barra Txikia, 12:15ean Barra Ertaina eta 12:50ean Barra Handia.
Ondoren, hip-hop, dantza klasikoa, dantza garaikidea eta funkya erdigunean jarriko dira. Dantza Kalean dantzaldiarekin jarraituko dute, 13:45ean, Alamedan. Hamar dantza eskainiko dituzte eta 90 dantzari elkartuko dira; Ondarroako hip-hop eta ballet eskolakoak eta Lekeitioko Ballet eta Funky eskolakoak. Antolatzaileek aipatu dutenez eguraldi txarra eginez gero, Zaldupe eskolako patioan izango da emanaldia.