Ibai Pastor da Mutrikuko Musika Bandaren zuzendari berria
Gainontzeko hautagaiei esker hitzak eskaini dizkiete bandako kideek.
Mutrikuko Musika Bandak zuzendari berria hautatzeko prozesua abiatu zuen azaroan; zehazki, ia urtebete zeraman zuzendari ofizialik gabe, eta egoera horri buelta emateko asmoz abiatu zuten ekimena. Deialdira aurkeztutakoen artean hiru hautagai aukeratu zituzten; Ibai Pastor, Beñat Etxabe eta Aritz Labrador.
Prozedurari dagokionez, hautatutako zuzendari bakoitzak bi kontzertu zuzentzeko ardura zuen, eta behin bukatuta, uztailean gutxi gorabehera, bozka bidez aukeraketa egitea espero zen, baina, prozesua espero baino motzagoa izan da; hautagaietako batek ezin izan baitu ardura hartu, Aritz Labradorrek. Hortaz, bozka prozesuan Ibai Pastor eta Beñat Etxabe hautagaiei, Josean Pascual gehitu zaie, azken urteetako zuzendaria. “Hautaketa errez bezain zaila izan da guretzat aldi berean: hiruotako edozein aukeratuta, bandak irabazten irtengo luke, baina zaila izan da aukeratzea hainbesteko talentua izanda podiumean”.
Azkenean, bozketa burutu ondoren erabakiaren berri eman dute sare sozialen bidez: “Banda osoak bozkatu ondoren, badugu zuzendari berria: Ibai Pastorrek hartuko du barkuko lema”. Musika Bandatik esker hitzak eskaini dizkiete gainontzeko hautagaiei: ” Momentu honetan, triste ere bagaude, beste bi zuzendari paregaberi ezezkoa eman behar izan diegulako… Beñat Etxabe eta Josean Pascual, zuokin pasatako denbora zoragarria izan da eta esker hitzak besterik ez ditugu zuontzat”.