Arraunlari txikiak animatzeko abestia sortu dute Jaittuk eta Jabi Patxonek
Rock estiloagaz, Itsasoko otsoak izeneko abestiak arraunlari txikiak ditu protagonista. Javi Amirola Jaittu lekeitiarrak sortu du abestia, eta Jabi Patxonek jarri dio ahotsa. “Nire semeak Isuntzan arraun egiten du, eta guraso batek esan zidan abesti bat egiteko”, azaldu du Jaittuk. Esan eta egin. Jaittuk musika egin eta letra idatzi zuen, eta Jabi Patxon musikariagaz harremanetan jarrita eta hari proposatu zion ahotsa jartzea. Eta Patxonek hala egin zuen. Jaittuk esan du abestia arraunlari txikiak animatzeko egin dutela.
Azaldu du Patxonek ahotsa mugikorragaz grabatu zuela. “Abestia egiteko ez dugu ezer gastatu. Mugikorrarekin grabatutakoa WhatsAppez bidali zidan Patxonek, eta nik ordenagailuagaz konponketak egin eta nahastu egin nuen. Eta emaitza ez da txarra izan”.
Abestia plataforma digitaletan dago entzungai (Youtube music, Spotify, Amazon music, Mixcloud, Pandora, Soundcloud eta Apple Music).