Ia 800 lagun batu dira Berriatuko jaietako paella janean
Erraldoi eta buruhandien kalejirak jendetza erakarri du; berriatuarrez gain, inguruko herrietako bizilagun asko batu ditu hitzorduak. Paella lehiaketara 32 paella aurkeztu dituzte, eta 770 lagun batu dira plazan bazkaltzen.
Beste behin ere Berriatuko San Gregorio jaietako paella janak jendetza batu du herrian. Barikuan [maiatzak 5] txupina bota eta gero, gaur [maiatzak 6] herritar guztiak festa giroan murgilduta zeuden; biharamunagaz zegoenik ere bazen. Aurten, estreinakoz erraldoi eta buruhandien kalejira egin dute aurten, eta hitzordu horrek inguruko herrietako bizilagun asko erakarri ditu.
Berriatuko buruhandiez gain, ondoko herrietako erraldoiak eta buruhandiak batu dira herrian: Markina-Xemein, Orereta, Etxano eta Viladamant (Herrialde Katalanak). Erraldoi talde bakoitzak bere herriko konpartsak lagunduta egin du kalejira herrian zehar. Eta plazan batuta, dantza erakustaldia eskaini dute, herritarren gozamenerako.
Paella jana. Ordurako sukaldari lanetan zebiltzanak paellak egiten ari ziren plaza inguruan; bakoitzak bere txokoa bilatu du. 32 paella aurkeztu dituzte lehiaketara, eta, epaimahaiaren iritziz, horien guztien artean Kilin-Kolon kuadrillako Jabi Martinok egindakoa izan da onena; Martinok bigarren urtez jarraian irabazi du txapelketa, eta hunkituta jaso du txapela. Paellaren sekretuagatik galdetu diote: “Egin eta egin eta zaindu, hori da sekretua”. Kuadrilla bakoitzak bere paella hartuta, 770 lagun inguru batu dira plazan bazkaltzen. Eta hortik aurrera ere jaiak ez du etenik eduki.
Errege Kopa gogoan. Gaur, gainera, Osasunak Errege Kopako finala jokatuko duela eta, herritarrek Jagoba Arrasate Osasunako entrenatzaile berriatuarrari animoak helarazi nahi izan dizkiote, eta, horretarako, herritar asko izan dira beren beregi horretarako sortu duten kamiseta gorriagaz kalera atera direnak. Kamisetak ondokoa zioen: Aupa Jagoba! 1,2,3..zatitxu! 2023/05/06.