San Gregorio Eguneko herri kirol erakustaldiak jendetza batu du Berriatuan
Liherni Osa eta Ainitze Zumeta harri-jasotzaileak, Iker Vicente eta Ugaitz Mugertza aizkolariekin batera aritu dira frontoian.
San Gregorio Egunean ohitura den legez, herri kirolen erakustaldiagaz gozatzeko aukera eduki dute eguerdian Berriatuan; Liherni Osa eta Ainitze Zumeta harri-jasotzaileak, Iker Vicente eta Ugaitz Mugertza aizkolariekin batera aritu dira frontoian. Eguraldi txarra egiten zuela eta, erakustaldia Mendibarren frontoian egin dute plazan egin beharrean. Eta asko izan dira kirolarien erakustaldiagaz gozatzeko hara hurreratu direnak.
[ZUZENEAN ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Liherni Osa eta Ainitze Zumeta harri-jasotzaileak modalitate ezberdinetako erakustaldiak egin dituzte, eta ondoren aizkolarien txanda izan da. Aurkezpenak eginda, bizitasuna eman diote ekimenari bikotekako lehiagaz; Mugertza mutrikuarrak Osagaz osatu du bikotea, eta Vicentek Zumetagaz. Bosna txanda egin dituzte; harri-jasotzaileek 50 kiloko zortzi altxaldi egin behar izan dituzte txanda bakoitzean, eta aizkolariek bost egur moztu behar izan dituzte. Ondoren, trontzari heldu diote, eta azkenik 12 buelta korrika egin behar izan dituzte.
Giro ederrean gozatu dute eguerdiagaz, eta arratsaldean, jaiei amaiera emateko Kandelak ikuskizuna ikusteko aukera egongo da; Garazi Etxaburu eta Pablo Arriagaren eskutik. Emanaldi hau ere frontoian egingo dela aurreratu dute.