Berriatuan hasiko da Euskadiko lur gaineko sokatira txapelketa
Domekan [maiatzak 14] jokatuko da 680 kiloko norgehiagoka, 12:00etatik aurrera. Sokatiran hasi nahi duten guztiei taldera batzeko dei egin diete Mutriku Sokatira Taldeko kideek.
Euskadiko lur gaineko sokatira txapelketak Bizkai, Araba eta Gipuzkoako sokatira talderik sendoenak elkartuko ditu domekan [maiatzak 14] Berriatukoan. Euskadiko txapelketako lehen proba 680 kilokoa izango da; horrek esan nahi du parte hartuko duten 8 tiratzaileek gehienez ere 600 kilo pisatu beharko dituztela guztien artean. Mutriku Sokatira Taldea da talde antolatzailea, eta eurekin batera ondoko taldeek ere parte hartuko dute jardunaldian: Gaztedi A, Gaztedi B, Goiherri eta Akelarre.
Mutriku Sokatira Taldekoak “konfiantzaz” daude domekako lehen probaren atarian: “Indartsu sentitzen gara, eta ahalik eta txukunen aritzeko saiakera egingo dugu”. Edozelan ere, ondo dakite garaipena poltsikoratzeko hautagai nagusi bat egongo dela: Gaztedi A. “Maila oso handian daude; goma gaineko txapelketan frogatu dute hori. Mundu mailan emaitza oso onak lortu ohi dituen taldea da, goi mailakoa, eta haiek izango dira irabazteko faborito nabarmenenak”.
Bestalde, azaldu dute taldea osatzeko “zenbait arazo” eduki dituztela: “Batzuek lanpostuagaz uztartu ezinagatik eta beste batzuek nekeagatik, kostatu egin zaigu behar beste jende topatzea. Horrenbestez, sokatiran hasi nahi duten guztiei taldera batzeko deialdia luzatu nahi diegu”.
Aurtengo Euskadiko txapelketa itzuli bitara egingo dute, eta punturik gehien lortzen dituen taldeak irabaziko du
Egutegi laburragoa. Lur gaineko Euskadiko txapelketa uztailaren 25era arte lehiatuko dute; egun horretan Laukizen jokatuko da azken saioa. Tartean, Mutrikun [ekainak 3] eta Muruetan [uztailak 2] gizonezkoen eta emakumezkoen probak lehiatuko dituzte. Itzuli biko ligaxka izango da aurtengoa, egutegia beste urte batzuetan baino “murriztuagoa” baita.