Hamar urte bete dira Ondarroan zubi harresia eraiki zenetik
"Kartzelak husteko garaia" zela argudiatuta, Urtza Alkorta ondarrutarraren atxiloketa saihesteko zubi harresia eraiki zen Ondarroan 2013ko maiatzaren 10ean. Lau egunetan, Ondarroatik egindako aldarriak Euskal Herriko mugak gainditu zituen.
2013ko maiatzaren 10a zen. Hitzordua jarrita zegoen: 12:30etan Ondarroako Alamedan. “Konponbide garaia” zela argudiatuta, Espainiako Auzitegi Nazionalak igorritako kartzelaratze aginduari “entzungor” egin eta Urtza Alkorta ondarrutarrak aipatutako orduan eta lekuan “herritarrekin eta lagunekin” egongo zela iragarri zuen. Ordura arte, Alkorta bilatzeko eta atxilotzeko agindupean zegoen, Espainiako Auzitegi Nazionalaren arabera.
“Kartzelak husteko garaia” zela esan zuen Alkortak, tinko eta irmo. Eta Ondarroako Musika Plazatik behera datorren kalea hartuta, ezkutuan zegoen lekutik Alameda erdira agertu zen. Aurrez aurre topo egin zuen lagunekin, ezagunekin, kazetariekin eta kameralariekin. Txalo artean, Alkorta lurrean eseri zen. Eta momentu horretan bertan Ondarroako Aske Guneko lehenengo muinoa ezarri zen Alamedan.
Alarmaz alarma, ekitaldiz ekitaldi, erresistentziak aurrera jarraitzen zuen. Baina Urtza Alkortak hantxe jarraitzen zuen. Nekatuta, baina hantxe. Bere inguruan gazteek, nagusiek eta adinekoek indarra ematen jarraitzen zioten.
Maiatzaren 15a heldu zenean, Ondarroako Aske Gunearen indarra ikaragarria zen. Turrun hotsak etengabe pizten zuen alarma, hura aldiz, azken eguna zen. Euria ari zuen eta goizaldeko 05:00ak ziren. Euripean egoteko arropa jantzi, aurretik turrunak jo izan zuenean egindako pausoak errepasatu, eta Plaiko Zubia jendez betetzen hasi zen. Alkorta erdian ipini zen. Hain zegoen jendetza ze, jendeak zubia estaltzen zuela. Zubiaren albo banatan jendetzak oztopatzen zuen pasabidea.
Uretatik zein errepidetik, Ertzaintzaren 30 furgoi baino gehiago agertu ziren minutu gutxitan. 300 ertzainek parte hartu zuten operazio polizialean.
Bi ordu. Horixe izan zen zubi harresia austen hasi eta Alkorta atxilotuta geratu zenera arte igarotako denbora tartea. Isilarazita, furgoian sartu zuten Alkorta eta Zaballako espetxera eraman zuten. Elkartasun oihuak, aldiz, ez ziren isilaraziak izan.
Hasiera baten indarrak batzeko hitzordu bat zena, herri baten indarraren erakusle bihurtu zen. Alameda aldarrikapenen gune bihurtu zen. Ustez minutuak iraungo zituen eserialdia egunetara luzatu zen. Eta elkartasun tantak olatu bihurtu ziren. Maiatzaren 10etik 15era, Ondarroako Aske Gunea indarra hartzen joan zen, minutuz minutu, orduz ordu eta egunez egun. Eta oraindik indartsuago egin ziren herritarren elkarlana eta elkarlaguntza. Bost egun iraun zituen Aske Guneak. 117 ordu
Aske. Bi urte eta erdiko espetxealdia bete eta gero 2015eko azaroaren 14an aske geratu, 09:00ak aldera. Ondarroara 19:00ak puntuan heldu zen. Ertzainek eraman zuten leku berean agertu zen: Plaiko Zubian.
ARGAZKI GALERIA: Urtza Alkorta aske utzi eta Ondarroara heldu zeneko irudiak