Iker Korta, K1eko garaipenetik urrats batera
Boxeolari lekeitiarrak ezin izan zuen Aitor Guda gipuzkoarra menderatu Euskadiko Txapelketan.
Kortaren eta Gudaren arteko borroka iragan zapatuan [maiatzak 13] izan zen, Alegria-Dulantziko kiroldegian, Dulantzi Fighters egitasmoaren hirugarren ekitaldian. Ikusleek harmailak bete zituzten, hainbat borrokaldiz gozatzeko. Horietako aipagarrienetako bat lekeitiarraren eta beasaindarraren artekoa izan zen; K1 mailako Euskadiko Txapelketa lehiatu zuten, 65 kilogramoko mailakoa.
Kortaren eta Gudaren arteko borroka egitarauko azkenengoa izan zen, profesional mailakoa. Ordura bitartekoek ez zuten hutsik egin, guztietan maila handia egon baitzen. K1eko borrokan ere, erritmoa eta intentsitatea izan ziren nagusi hasiera-hasieratik; bi aurkariek kadentzia handian borrokatu zuten, denetariko mugimenduak eginez. Bertaratutako ikusleen arreta eta berotasuna jaso zituzten borrokalariek, eta norgehiagoka, azkenean, puntuetan erabaki zen.
Antolatzaileek azaldu dutenaren arabera, Gudaren garaipena “estua baina merezitakoa” izan zen, eta borrokalari biek “erakustaldia” eman zuten bai teknika, bai jarrera aldetik.