Mutrikuarrak, nagusi Espainiako zesta-punta Txapelketan
Ispasterren lehiatu dira Espainiako Kluben arteko zesta-puntako finalak, eta Mutrikuko Danok bat taldeko puntistak izan dira nagusi.
Ispasterren lehiatu dute asteburuan 22 urtez azpiko Espainiako Kluben Arteko zesta-puntako Txapelketaren finalak; binaka zein banaka. Katalunia, Hondarrabia, Zumaia, Mutriku, Berriatua, Markina-Xemein eta Gernika-Lumoko puntistek parte hartu dute txapelketan, eta final handian punta-puntako erakustaldiak egon ziren. Mutrikuko Danok Bat taldea nagusitu zen emakumezkoen binakako lehian, eta baita gizonezkoen bakarkakoan ere.
Emakumezkoen binakako lehian, Danok Bat elkarteko Maite Ortiz de Mendibilek eta Eneritz Lizardik , Berriatuko Elaia Gogenola eta Maialen Aldazabal izan zituzten aurrez aurre finalean. Mutrikuarrek partida ondo dominatu zuten. Berriatuako bikoteak ez zuen guztiz ondo hasi partida eta abantaila baliatu zuten Lizardik eta Ortiz de Mendibilek. Errebotera joatea izan zen mutrikuarren estrategia, horrela Aldazabalen jokoari aurre egin ahal izateko. Izan ere, frontoiaren tamaina txikia izanik, Aldazabalek ez zuen aukerarik izaten pilotadei aurre egin ahal izateko. Hortaz, estrategia biribil atera zitzaien mutrikuarrei, bi setetan nagusitasunez irabazi baitzuten; 15/3 eta 15/9, horrela Espainiako txapeldunaren titulua eskuratuz.
Gizonezkoen banakako txapelketari dagokionez, Mutrikuko Danok Bat taldeko Eñaut Urreistik Berriatuko Xabi Arrasate izan zuen aurrez aurre. Mutrikuarrarentzat egun biribila izan zen; badaude dana ondo ateratzen den egun horietakoak, bada egun hori izan zuen Urreistik. Horrela, lehenengo setean indartsu atera zen, eta abantaila hartzeko aukera ikusi eta baliatu ere egin zuen: 15/3 nagusituz. Bigarren seta, berriz, berdinduagoa izan zen. Fisikoki Arrasatek ondo eutsi zion partidari eta Urreistiren ahulezia aprobetxatu zuen honengana hurbiltzeko. Hala ere, ezin izan zuen aurrea hartu, eta mutrikuarrak bi setak poltsikoratu zituen: 15/12.