Hautesleen erdiak eguerdirako eman du botoa
Goizeko lehen ordutik 14:00ak bitartean, Lea-Artibaiko ia herri gehienetan eta Mutrikun jendearen joan-etorria nabarmena izan da. Ondarroan hautesle batzuek ez dute argi eduki non bozkatu behar zuten, eta Mutrikun osasun etxe zaharreko igogailua matxuratu da; bi herritar barruan geratu dira harrapatuta.
Hauteslekuak zabaldu eta lehen orduetan herritarren joan-etorria nabarmena izan da hainbat herritan. 25.499 herritar daude botoa ematera deituta, eta 14:00etarako herri askotan hautesleen %50 botoa emanda zegoen.
Mutrikun, esaterako, 10:00etarako jende asko zebilen botoa ematen. Ion Gambra EAJren alkategaiak ere 10:00etarako eman du botoa. Eta goiz ibili direnen artean egon da Andel Aldazabal Lekeitioko EH Bilduren alkategaia ere; Aldazabalek Amoroton bozkatu du, erroldak itxi zituztenean bertan zegoelako erroldatuta. Aitor Basterretxea Ondarroako EAJren alkategaiak 11:00etan eman du botoa.
Mutrikuko osasun etxe zaharrean igogailua matxuratu da 12:30ak aldera, eta bi herritar barruan geratu badira ere, udaltzainen eta han bildutakoen artean igogailutik atera ahal izan dute.
Hauteslekuen osaketa. HITZAk daukan informazioaren arabera, Lea-Artibain eta Mutrikun ez da arazorik egon hautesmahaien osaketan; guztien osaketan normaltasuna izan da nagusi.
Ondarroan, esaterako, hauteslekuetan aldaketak egin direla eta, Artabideko hautesle batzuek ez dute argi eduki nora joan behar zuten.