Dantza Eguna ospatuko dute Mutrikun
Egun osoko egitaraua antolatu dute. Bazkarirako txartelak Kai jatetxean daude eskuragarri.
Mutrikuko Gure Ametsa dantza taldekoek egun osoko egitaraua prestatu dute zapatuan [ekainak 2] Dantza Eguna ospatzeko; herritarrekin batera dantza giroan egunarekin gozatu nahi dute. Iaz errezeta berri bat probatu zuten: Dantza Eguna eta Erromeria Eguna batzea, eta edukitako emaitza ikusita, aurten ere formula berdinarekin jarraitzea erabaki dute.
Egun osoko egitarauaren baitan, bazkaria ere egongo da; txartelak Kai Jatetxean daude eskuragarri, 25 eurotan. 10:00etan emango diote hasiera egunari: Alboka ondoko plazan batuko dira dantzari guztiak, eta azken prestaketak egin eta antolatu ostean, kalejira hasiko da.
12:00etan Goiko Plazan Alardea egingo dute, eta dantzatu ostean, ume dantzarientzako hamaiketakoa egongo da. 13:00etan, berriz, Goiko Plazatik hasita herritarrek parte hartzeko aukera edukiko duten euskal dantzen ekimena egingo dute.
Eguneko jai giroarekin jarraitzeko, bazkalosterako ere hitzordua zehaztu dute: Gauargi erromeria taldea igoko da oholtzara. Antolatzaileek hurbildu nahi duen oro animatu dute baserritar jantzi eta beraiekin bat egitera.
EGITARAUA:
- 10.00. Albokako plazan umeak batuko dira.
- 10.30. Kalejira.
- 12.00. Alardea, Goiko Plazan.
- 12.30. Ume dantzarientzat janaria.
- 13.00. Goiko Plazatik hasita, herritarrek parte hartzeko euskal dantzak.
- 18.00. Gauargi taldearekin erromeria, Beheko Plazan.