Helburuak bete dituzte Ondarroako Gaztetxearen 13+20 urteurrenean
Egun osoan jende asko ibili zen Gaztetxean, eta eguneko erronka betetzea lortu zuten: 23 igoera egitea Tontorramendira, Everestek dituen 8.848 metroko langa gainditzeko.
Jendea, giro paregabea eta helburuak betetzeko gogoa. Zapatuan [maiatzak 27] Ondarroako Gaztetxearen 13+20 urteurreneko egitarauari amaiera emateko jaia ospatu zuten. “Sentsazio onak eduki ditugu, egunaren balorazio positiboa egin dugu, giro oso ona egon zen eta jendea gustora sumatu genuen. Hortaz, oso ondo joan zen”, esan dute antolatzaileek.
Goizean goizetik abiatu ziren ekimenak, Aurrera Mendi Taldeagaz batera antolatutako Everesting erronkagaz; 04:00etan ekin zioren erronkari. Egun osoan herritar asko animatu ziren erronkan parte hartzera, haur, gazte zein nagusi. Igoera jendetsuetan talde politak batu ziren, baina gainontzeko igoeretan ere jendea animatu egin zela diote: “Horrek beste itxura bat eman zion egunari, jende ezberdin asko pasatu zen gaztetxetik eta aberasgarria izan zen”.
Datuak eskuan, 57 izan ziren erronkan parte hartzera animatu zirenak. Tontorramendira igo eta jaitsiz, erronka Everestek dituen 8.848 metroko langa gainditzea zen; helburua lortzeko Tontorramendi 23 aldiz igo eta jaitsi behar zuten. Eta lortu zuten, ondo lortuta gainera, 122 igoera egin baitzituzten.
Egun osoan jende asko igaro zen gaztetxetik, eta bazkarian ere jende asko batu zela diote, 60 lagun inguru. “Nahiz eta horietatik asko azken orduan apuntatu, moldatu ginen”. Karro poteoan eta argazki ez lehiaketan “ez zen jende gehiegirik ibili”, baina pozik daude emaitzagaz, egondakoak oso gustora aritu baitziren. Egunari amaiera biribila emateko, gauean kontzertuez gozatzeko aukera eduki zuten; Eire eta Kosmai Kosin taldeak igo ziren oholtzara.
Udara begira. Urteurreneko ekimenak amaituta, eta uda gainean edukita, parte hartzeko deia egin dute gaztetxetik: “Uda gainean dugu eta gazte asko egongo da herrian. Hortaz, gauza ezberdinak antolatzeko aukera dago. Gaztetxera hurbiltzeko deia egiten dugu, gaztetxeko ateak beti daude zabalik. Etorri eta parte hartu antolatzen ditugun ekimenetan, edo proposatu egin daitezkeenak, gaztetxean izan zein gaztetxetik kanpo”.