Hostozabal zuhaitzen inausketa eta mehasketa jardunaldia egingo dute Ispasterren
Eguenean [ekainak 1] jardunaldi teorikoa egingo dute, eta saio praktikoa noiz egin orduan adostuko dute. Saioan parte hartzeko ez da aurretiaz izena eman behar.
Basoa Fundazioko kideek udalerriko basoetako hostozabal zuhaitzak zelan inausi eta mehastu irakatsiko dute eguenean [ekainak 1], saio teoriko baten bitartez; saioa 19:00etan hasiko da, Iñigo Egiluz aretoan. Saioa doan da, eta ez da aurretiaz izena eman behar.
Basoa Fundazioko Aitor Onaindia Bereziartua eta Bizkaiko Basogintza Elkarteko Urko Uriarte Txarterina izango dira hizlariak. “Iaz hasi ziren ikastarook eskaintzen; fundaziokoak Lea-Artibaiko udalekin hartu-emanean ipini ziren, ea horietako baten batek interesa zuen jakiteko, eta guk ez genuen zalantzarik eduki”, adierazi du Garbiñe Saenz de Buruaga Ispasterko jarduneko alkateak.
Egueneko jardunaldi teorikoan jasotako irakaspenak praktikara eroateko aukera edukiko dute ispastertarrek eta gerturatzen diren gainontzekoek. “Eguenean parte hartzen dutenek guztientzako aproposa den egun bat zehaztuko dute, eta saio praktikoan ikasitakoak herriko baso publiko batean aplikatu ahalko dituzte”.