Berritasunekin dator Etxelilaren ikasturte berria
Sei ardatz izango ditu ikasturte berriak. Etxelila ordutegia zabalduko du, zehazki, eguaztenetan eta eguenetan goizetan ere zabalik egongo da. Urriaren 5ean zabalduko da izena emateko epea.
Ondarroako Etxelila Emakumeen Topalekuak 2023/2024 ikasturterako egitaraua aurkeztu du, eta ohiko egitasmoez gain, berritasunak dakar, tartean, liburutegi feminista eta gizonen desboteretzeari buruzko formazioa. Ikasturtearen lehenengo hitzordua eguenean [urriak 5] izango da, zehazki, Aringaingan taldearen aurkezpena.
Egitarauak sei ardatz nagusi izango ditu: eztabaidagune feminista, emakumeentzako jabekuntza eskola, erakusketak, liburutegi feminista, parte hartze gune irekiak eta gizonen desboteretzeari buruzko formazioa.
- Eztabaidagune feminista. Gai desberdinen inguruan hausnartzeko espazioa da, herritar guztiei zabalik dagoena eta ikasturterako sei saio zehaztu dituzte: Puta zikinak liburuaren aurkezpena, Amaia Astobitza Uriarteren eskutik; Hilekoa, errealitate eta fikzio ikerketaren aurkezpena eta solasaldia Udane Barinagarrementeria Laka eta Ainhoa Aldazabal Gallastegiren eskutik; Insumisas dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia; Erresistentziarako gorputzak: bollerak liburuaren aurkezpena Eva Perez-Pons liburuaren egilearen eskutik; Ama ta asunak dokumentala eta erakusketa June Baonza Pagaldai diseinatzaile eta ilustratzailearen eskutik eta Gizontasunarekin zer? Izan daiteke gizona feminista? Iñigo Ranero Gonzalezen eskutik.
- Jabekuntza Eskolan zortzi ikastaro egongo dira aukeren artea: Literatura tailerra, Coaching feminista, Indarkeria matxista kasuen aurrean zein salaketa eta defentsa aukera dauden, Zoru pelbikoa lantzen, Hilekoa(k) neska* gazteentzako, Nire ahotsa zure haragian, Serigrafia tailerra eta Dantza irauli zuten emakumeak.
- Gizonen desboteretzeari buruzko ikastaroa. Bereziki gizonei zuzenduta egongo den lau saioz osatutako ikastaroa Iñigo Ranero Gonzalez pedagogia feministetan adituak eskainiko du; azaroaren 8, 15, 22 eta 29an (eguaztenak). izango dira saioak. “Gizon ez gara jaiotzen, egin egiten gara. Tailerrean gizontasunaz eta gizonok eragiten dugun indarkeriaz arituko gara, baita feminismoan bizi behar dugun papera eta zelan bilakatu gure esparruetan eragile feminista. Helburu nagusiena espazio kritikoa sortzea izango da, horretarako ezinbestekoa da jarrera proaktiboa eta errespetuzkoa ekartzea”.
- Parte hartze guneei dagokionez, lau ekimen egon ohi dira urtero: Literaturaz eztabaidatzeko gunea, Aringaingan taldea, Andrabanda Feminista eta Neska gazteen txokoa. Aurten, bosgarren bat gehituko zaio, Erramutan, zeatxik ez? ekimena.
Izen ematea. Ikastaroetako izen ematea urriaren 5ean zabalduko da, 10:00etan, eta ikastaro batzuetan eskuragarri dauden plaza kopurua beteko dela aurreikusi dutenez, irizpide batzuk zehaztu dituzte: pertsonako izen emate bakarra egin ahalko da, ordainketa momentuan egingo da eta plazak betez gero orain arte parte hartu ez dutenek izango dute lehentasuna. Horrez gain, Jabekuntza Eskolan parte hartzeko izena ematea beharrezkoa da eta baita matrikula ordaintzea ere, hortaz, “ikastaro bakoitzeko plazak bete ahala itxi egingo da matrikulazioa, eta talde bakoitzeko, gutxienez 7 lagun egon beharko dira”.
Ordutegia. Etxelilak ordutegia zabalduko du, zehazki, eguaztenetan eta eguenetan goizez ere zabalik egongo da, 10:00etatik 13:00etara. Hain zuzen ere, Ondarroako Udalak egindako Emakumeen eta gizonen berdintasun planean jaso zuen bezala: “Uste dugu zerbitzuaren kalitatea handitzeko ordutegia ere zabaldu egin behar dela, eta horretarako inbertsioa eginez emakumek Etxelila astean bi goizetan ere eskura izatea lortu dugu”, adierazi du Naiara Burgoa Lizarraga berdintasun zinegotziak. “Etxelila erreferente bat da herriko emakumeentzat, eta bere jarduera gauzatzeko zenbat eta ordu gehiago egon zabalik, askoz hobe”.