37. Mendizale Helduen Ibilaldiarako izena emateko epea, zabalik
Urriaren 24a izango da aurretiaz izena emateko epemuga. Egunean bertan ere egin ahalko da, baina baldintza desberdinekin.
Urriko azkenengo igandean, hilaren 29an, egingo dute Mutrikun 37. Mendizale Helduen Ibilaldia, Mutrikuko Burumendi Mendizale Elkarteak eta Gipuzkoako Mendizale Federazioak elkarlanean antolatuta, eta Mutrikuko Udalak lagunduta. Urtero legez, Mutriku inguruko mendi, baso nahiz auzoetatik barrena egingo dute ibilbidea mendizale eskarmentatuek.
Aurretiaz izena emateko epe zabalik dago, hilaren 24ra bitartean. Horretarako, elkartearen web orrialdera jo beharko dela aurreratu dute antolatzaileek. Federatuek doako izena ematea edukiko dute eta federatu gabekoek, ostera, bost euro ordaindu beharko dituzte. Egunean bertan ere izena eman ahalko da, baina kasu horretan, hamar euro ordaindu beharko dute bai federatuek, bai federatuta ez daudenek. Ordainketa egin ahal izateko, ondorengo kontu korronte zenbakia luzatu du antolakuntza lantaldeak: ES16 2095 5056 12 1067447648.
16 kilometro edukiko ditu ibilbideak; punturik garaienak Bandera eta Arno izango dira
Martxalariek 16 kilometro inguruko ibilbidea osatu beharko dute, azken ekitaldietan bezalaxe. Irteera eta helmuga toki berean edukiko dituzte: Txurruka plazan. 08:30ean ekingo diote bideari. Mutrikutik atera, eta Ondabarro, Ibiritxo edota Abeletxe inguruak harrapatuko dituzte; ondoren, Lekonde eta Lukortako gaina. Ibilbideko punturik garaienak, Bandera eta Arno tontorrak izango dira. Azken gailur hori igaro ostean abiatuko dute jaitsiera; tarte horretan, hurrenez hurren, Apain, Urkamendi eta San Juan ingurutik pasako dira. Antolatzaileek martxalariei denetariko erraztasunak emango dizkiete: ibilbidea ondo seinaleztatuta topatuko dute parte hartzaileek eta, gainera, bidean mokadua jateko gunea ere edukiko dute.