Seme-alabak dituzten familiak diruz lagunduko ditu Mendexako Udalak
0-16 urte bitarteko seme-alabak dituzten familiei laguntzeko helburuagaz egiten da deialdia. Diru laguntza eskatzeko epea urriaren 31n amaituko da.
Mendexako Udalak 0-16 urte bitarteko seme-alabak dituzten familiei laguntzeko asmoz, 100 euroko diru laguntzak emango ditu haur bakoitzeko.Hala, seme-alabek behar dituzten ikastetxerako materialak, jantziak edota bestelako beharrizanak ordaintzen laguntzea da helburua.
Laguntza jasotzeko aukera izango dute Mendexan erroldatuta dauden 2007ko urtarrilaren 1etik 2023 urriaren 9a bitartean jaiotako haurren familiek. “Haurren gurasoek diru laguntza atera baino urtebete lehenago gutxienez Mendexan erroldatuta egon behar da”.
Diru laguntza eskatzeko epea urriaren 31n amaituko da. Orriak udaletxean edota Mendexako udalaren webgunean (www.mendexa.net) eskuratu daitezke. Eskaera orria behar bezala beteta eta izenpetuta aurkeztu behar da.
Diru laguntza jasotzeko baldintzak betez gero, ordainketa banketxe transferentziaren bidez egingo dute, interesatuek eskaera orrian zehaztutako kontu korronte zenbakira. Biztanleen Erroldako Udal Zerbitzuek egiaztatuko dute umea udalerrian erroldatuta dagoela, aipatutako adin-tartekoa dela eta gurasoetariko batek eskatutako urte beteko errolda antzinatasuna betetzen duela.