Haurren eta helduen arteko sentsibizilazio bidea, helburu
Haurren aurrean, Helduok Heldu ekimena egingo dute Munitibarren. Bihar [urriak 19] hasi eta urriaren 28ra bitartean, hainbat egitasmo egingo dituzte ume eta helduek, herriko plazan.
Munitibarko Euskera Batzordeak, Txopitturri guraso elkarteak, Munitibarko Herri Ikastetxeak eta Kubike aisialdi elkarteak Haurren Aurrean, Helduok Heldu egitasmoaren bigarren aldia antolatu dute, bihartik [urriak 19] urriaren 28ra. Ekimenak helburu bikoitza edukiko du: batetik, helduen arteko hizkuntz ohituretan eragitea; bestetik, helduek haurren hizkuntzaren ikaskuntza bidean eta sozializazio prozesuan daukaten eraginaren inguruko sentsibilizazio lana egitea. Horiek lantzeko egingo dituzten jarduera guztiak herriko plazan izango direla iragarri dute, bestalde.
Bihar bertan egingo dute lehenengo jarduera: 19:00etan, Enkartelada izeneko ekimenari hasiera emateko, herritarren artean kartelak ipiniko dituzte udalerri osoan, musikaz girotuta. Bihar, umeei nahiz nagusiei zuzendutako Euskal Karaokea egingo dute, hori ere 19:00etan hasita. Domekan [urriak 22], familian egiteko ginkana egingo dute, 12:00etan. Parte hartzaileek pistei jarraituz eta zenbait proba gaindituz egin beharko dute aurrera jokoan.
Datorren barikuan [urriak 27], 18:00etan Lehengo Jolasak izeneko jarduera egingo dute, ondorengo lelopean: Helduok zertara jolasten zenuten umeak zinetenean? Erakutsi diezaiegun gure umeei nola dibertitzen ginen. Azken jarduera hilaren 28an izango da. Munitibarren barrena ibilaldia egingo dute haur zein nagusiek, eta ostean kopauan bilduko dira.