Danonartin elkarteak boluntarioak behar ditu bilketarako
Azaroaren 24an eta 25ean herriko janari denden aurrean egingo dira bilketak. Laguntza eskatu diete herritarrei.
Ondarroako Danonartin elkarteak urteroko bilketari ekingo dio datorren asteburuan eta janari bilketan laguntzeko boluntarioak behar dituzte. Zehaztu dutenez azaroaren 24an [barikua] 10:00etatik 13:30era eta 17:0etatik 20:00etara ariko dira. Azaroaren 25ean [zapatua], berriz, 10:00etatik 13:30era. Laguntzeko prest daudenek danonartin@hotmail.com posta elektronikora mezu bat idatzi edo elkarteko kideren bategaz harremanetan jarri behar dira.
Ohi legez, bilketa herriko janari dendetan egingo da: Artabideko Mertxe, Txist, Berdura Plazako Bikiak, Sabai (Lore), Kaleandiko Ana, Zaton eta Iturribarri eta Artako Eroski.
Elkartea “inoiz baino herritar gehiagori” laguntzen ari dela azpimarratu dute, horregatik urteroko erantzuna espero dute, eta “orain arte bezala” elkartasunez jokatzeko eskatu diete herritarrei. Bilketan edozein elikagai izango da ongi etorria, baina bereziki lekaleak, arroza, esnea, tomatea, olioa eta kontserba latak biltzeko deia egiten dute. Horrez gain, konpresak emateko ere eskatu dute.