Gazteek euren hautagaitza plazaratu dute
Alex Goitiak eta Thibault Basquek, 15-13 eta 15-12koagaz, garaipen aparta lortu dute Erik Mendizabalen eta David Minviellen aurka, Eusko Label Winter Seriesko hirugarren jardunaldiari dagokion A multzoko partiduan.
Mailako partidua eta hiru sold out. Alex Goitia markina-xemeindarrak eta Thibault Basque bidartarrak garaipen baliotsua poltsikoratu zuten atzo [azaroak 13] Erik Mendizabal mutrikuarraren eta David Minvielle biarnotarraren aurka, Eusko Label Winter Series txapelketako ligaxka partiduan. A multzokoa norgehiagoka gogorra izan zen, eta Goitia-Basque bikote gazteak lanak eduki zituen, irabazteko; hain zuzen ere, 15-13koagaz eta 15-12koagaz gailendu ziren. Hirugarren astelehenez jarraian, Jai Alai katedralean ez zen ikusle gehiagorik kabitu, eta zesta-puntaren 1.800 jarraitzailek, orain arte legez, erantzun paregabea eman zioten partiduari. Atzoko porrota tarteko, Mendizabalek eta Minviellek ia-ia ezinezko edukiko dute lehian aurrera egitea, euren bigarren porrota izanda. Hurrengo txanpara igarotzeko, tantu average-a alde eduki beharko lukete eta, gaur-gaurkoz, 18 dituzte kontrara.
Behin erritmoa hartuta, partidua piloteo askokoa, lehiatua eta oso fisikoa izan zen. Goitiak zenbait arazo izan zituen sakeekin, eta Mendizabalek gabezia hori probestu zuen, 0-2 aurreratzeko. Aurrealdeko errebeskaden jokoa tarteka-marteka nabarmendu arren, Basquek pilotalekua dominatzea lortu zuen; kantxaren 57 metroak bikain egokitzen zaizkio bidartarrari, eta distantzia horretan egiten du aldea. Atzokoa horren beste erakusle bat izan zen. Bestalde, aurtengo txapelketan estreinakoz eskatu zuten pilotariak Zalantzen Txokoa. Lehen setaren amaieran, tanto gaitzak eta bizkorrak gailendu ziren, ikusleen gozamenerako. Basquek borobildu zuen lehen zati hura, eroaten ia-ia ezinezkoa zirudien txik-txak jokaldi bat maisuki amaituz eta lehen seta 15-13 eskuratuz.
Bigarren setaren hasieragaz, argi eta garbi geratu zen Mendizabal eta Minvielle ez zeudela amore emateko asmoz. Seta zeharo berdindua eta borrokatua izan zen, eta horren agerkari, hain zuzen, markagailua: 4-4, 5-5, 7-7, 8-8, 10-10, 11-11 eta 12-12. Bigarren setean zehar, Goitiak kale egin zuen errebotez eta alboz egindako bi horma bikotan, baina Basquek, bere aldetik, ez zuen inongo aukerarik barkatu. 15-12koagaz borobildu zuten markina-xemeindarrak eta bidartarrak partidua.
Neurketa horren ondoren, Goitia eta Basque A multzoko bigarren postuan daude, 5 tantoko aldeko average-agaz. Aurretik dituzte talde horretako hautagai nagusiak, IƱaki Osa Goikoetxea zumaiarra eta Unai Lekerika gernika-lumotarra, lau puntugaz eta aldeko hamahiru tantoko average-agaz. Hirugarren postuan daude, puntu barik eta oraindik partidurik jokatu gabe, Jean Dominique Olharan pauetarra eta Julen Del Rio gasteiztarra. Mendizabalek eta Minviellek ere ez dute puntuen putzutik urik atera, eta, gainera, beraien kontra dute 18 tantoko average-a.
Datorren astelehenean [azaroak 20], Lea-Artibaiko puntistak kantxaratuko dira, B multzoko partiduan. Aritz Erkiaga ispastertarrak eta Ion Ibarluzea markina-xemeindarrak aurtengo Pro-Am txapelketako garaipenagaz Winter Seriesen jokatzeko txartela eskuratu duten Jokin Arbe markina-xemeindarra eta Mikel Mantzisidor mutrikuarra edukiko dituzte aurrez aurre, txapelketako laugarren jardunaldian.