Iñigo Andonegi argazki lehiaketa martxan dago
Argazkiak modu digitalean aurkeztu behar dira. Erakusketa osatuko da parte hartzaileen lanekin.
Iñigo Andonegi argazki lehiaketara lanak aurkezteko azken eguna azaroaren 25a izango da. Ohi legez, Mutrikuko altxorrak izango da gaia, hala nola, ondarea, natura, pertsonak, animaliak, paisaiak, ohiturak… “Zein da zuretzat Mutrikuk duen altxorrik preziatuena?”, lehiaketan parte hartzen dutenek irudi batekin erantzun beharko diote galderari. Epaimahaiak 12 argazki sarituko ditu eta horiek udalaren 2024ko egutegia irudikatuko dute.
Lehiaketan edozein mutrikuarrek parte hartu dezake eta parte hartzaile bakoitzak, gehienez ere, hiru argazki aurkeztu ditzake. “Parte hartzaileek euren lanak aurkeztu ahalko dituzte soilik, originalak eta ezin izango da beste pertsona baten argazkirik aurkeztu ezta beste lan original baten elementurik gehitu”.
Aurkezten diren lanekin erakusketa bat osatuko da eta herritarrek gustukoen duten argazkia aukeratu ahalko dute. “Erakusketa aretoan 70 argazki sartu daitezke gehienez, beraz, kopuru hori baino argazki gehiago aurkezten badira, aukeraketa bat egingo da”. Aukeratutako argazkia egutegiaren azala izango da eta sarituak 80 euroko bonua jasoko du Bertan elkarteko dendetan erabiltzeko.
Parte hartzea. Argazkiak formatu digitalean aurkeztu behar dira, esteka honetan. Argazkiak koloretan, zuri-beltzean nahiz bestelakoetan aurkez daitezke, beti ere, formatu horizontalean.