2024rako %3ko igoera ekarriko duen ordenantza fiskal berriak onartu zituzten azaroaren 9ko ez-ohiko udalbatzan, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioagaz. “%3ko igoera hori udalaren eskumenak diren zerga, tasa eta prezio publikoei aplikatuko zaie”.
Igoera zerbitzu publikoen hobekuntzara bideratutako igoera izango dela azaldu du Urtza Alkorta Arrizabalaga alkateak eta zerbitzu publiko horien oinarrian berdintasuna, justizia soziala eta trantsizio ekosoziala daudela. “Ezinbestekoa da nahiko baliabide edukitzea gure herrian babes soziala bermatu ahal izateko eta udal politika publikoak garatzeko”. Udalkutxa foru-funtsa da udalaren finantziazio iturri nagusia eta iaz baino diru gehiago jasotzeko aurreikuspena dute, hala ere, 2024rako “udalak dituen proiektuei heltzeko eta oinarrizko zerbitzu publikoak hobetzen jarraitzeko hartu da erabakia”.
Aitor Basterretxea Alberdi EAJko bozeramailearen esanetan jeltzaleen abstentzioa udalaren egoera ekonomiko onagaz lotuta dago: “2024 urte konplikatua dator. Ez dugu ikusten beharrezkoa %3 igotzea, baina ez dugu aurka bozkatuko. Uste dut udalak bere gain hartu dezakeen zama dela, udalaren egoera ekonomikoa oso ona baita”.
2024ko aurreikuspenak. Datorren urteko aurrekontuak “ahalik eta arinen” onartzea da udal gobernuaren asmoa eta urtero geratzen den aurrekontuaren soberakina txikiagoa izatea. ” Urtea hasierarako 2024ko udal aurrekontua onartuz gero, dirua arinago egongo da erabilgarri, eta horrek gehiago eta hobeto inbertitu eta urte amaierako soberakina handia ez izatea ahalbidetuko digu”.