Jarrera aktiboa bultzatu eta kontzientzia piztu nahi dute
Ondarroako Berdintasun sailak Etxelilagaz elkarlanean egindako lanketaren emaitza da Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira osatutako egitaraua.
Azaroaren 25a heltzear dagoela, Ondarroako Udaleko Berdintasun Sailak eta Etxelila Emakumeen Topalekuak egitarau osatua atera dute, aurten ere, egunari behar adinako garrantzi eta lekua emateko.
Egun zehatzak aitzaki hartuta egitarau osatuak antolatzen dituzten arren, urte osoan lantzen duten gaia dela azpimarratu du Naiara Burgoa Lizarraga berdintasun zinegotziak. “Egitarau bereziak egiten dira egun hauetara bideratuta, aldarrikapenak egiteko uneak baitira, baina urte osoan lantzen eta borrokatzen dugun gaia da. Gizarte matxista baten bizi gara eta matxismoaren kontra egin behar dugu. Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean aldarrikapena adierazi nahi dugu, baina baita herrian jarrera aktiboa bultzatu eta kontzientzia piztu”.
Gizonei zuzendutako ikastaroak erantzun ona izan du.
Azaroa ekimenez beteta abiatu da eta horrela jarraituko du. Libanon bizi diren emakume palestinarrak erdigunean jartzen dituen Ahlam, bizitza batekin amestuz komiki erakusketa ikusgai baitago Etxelilan, hilaren amaierara arte. Horrez gain, azaroaren 8an abiatu zen Gizonak feminismoan zer? ikastaroa. “Kanpaina honetan gizonezkoei bideratutako ikastaroa errekuperatu dugu, arazo estrukturala den aldetik, beharrezkoa ikusi genuen eta oso erantzun ona izan du”. Hamar laguneko taldea batu da eta asteroko lanketan murgilduta daude, hilaren 29an izango da azkenengo saioa.
“Zaintzak emakumeen gain dauden zamak dira eta denon ardura izan beharko lukete”.
Domekan [azaroak 19] Haur eta Nerabeen Kontrako sexu abusuen prebentziorako nazioarteko egunaren elkarretaratzea deitu dute Alamedan eta aldarrikapenen hasiera besterik ez da izango. Gainera, aurten udalak bere gain hartu du elkarretaratzea. Egitarauaren erdigunea azaroaren 25a izango da, Indarkeria Martxistaren Aurkako Eguna, eta elkarretaratzea egingo dute Alamedan, Andrabanda feministaren laguntzagaz.
Egitarauaren azaroko azken hitzordua azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorra da eta egitarauaren baitan nabarmendu nahi izan dute. “Kanpainan sartu dugu zaintzak erdigunean jarri dituen Euskal Herriko Mugimendu Feministaren deialdia, derrigorra ikusi baitugu sartzea. Zaintzak emakumeen gain dauden zamak dira eta denon ardura izan beharko lukete”.
EGITARAUA
- Azaroan. Ahlam, bizitza batekin amestuz komiki erakusketa, Etxelilan.
- Azaroak 19 [domeka], 13:00etan, Haur eta nerabeen kontrako sexu abusuen prebentziorako Nazioarteko Eguneko elkarretaratzea, Alamedan.
- Azaroak 21, 18:30ean, Insumisas dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia, Kofradia zaharrean.
- Azaroak 23, 18:00etan, Beldur barik lehiaketaren sari banaketa, Etxelilan.
- Azaroak 25, 13:00etan, Indarkeria Matxistaren Aurkako kontzentrazioa andrabanda feministarekin, Alamedan.
- Azaroak 30, Greba Feminista Orokorra.
- Abenduak 13, 17:00etan, Indarkeria matxista kasuan aurrean zein salaketa eta defentsa aukera ditugu? hitzaldia, Etxelilan. *Izena eman behar da.