Lea-Artibai eta Mutrikuko ordezkaritza, Munduko Txapelketan
Eskualdeko puntistek, Espainiako Selekzioagaz jokatuz, 22 urtez azpikoen Munduko Txapelketa lehiatuko dute, hilaren 21a eta 27a bitartean, Mexikon
Espainiako Selekzioak 22 urtez azpikoen Munduko Txapelketa jokatzera deitu ditu Lea-Artibaiko nahiz Mutrikuko zenbait pilotari. Azaroaren 21ean hasita eta 27ra artean, Mexikon arituko dira jokatzen. Selekzioak hainbat kategoriatako pilotariak eroan ditu Mexiko Hirian jokatuko duten txapelketara, eta munduko onenekin lehian ariko dira. 30 eta 54 metroko pilotalekuetan jokatuko dute. Guztira, hogei kidek jokatuko dute Munduko Txapelketa, eta horietatik bost Lea-Artibai edo Mutrikukoak dira; gainontzekoak Valentziakoak, Kanariar Uharteetakoak, Gaztela-Mantxakoak, Gaztela eta Leongoak eta Nafarroakoak dira.
Sei kategoriatan lehiatuko dira: gizonezkoen goma, emakumezkoen goma, gizonezkoen frontenisa, emakumezkoen frontenis, gizonezkoen zesta-punta eta emakumezkoen zesta-punta. Bertoko ordezkaritzari dagokionez, EƱaut Urreisti Astigarraga eta Eneritz Lizardi Aizpuru mutrikuarrek, Erika Mugartegi Solozabal, Arai Lejardi eta Gorka Mugartegi Atain markina-xemeindarrek, eta Ortzi Aldazabal Argoitia berriatuarrak parte hartuko dute. Roberto Lekue ondarrutarra ere lan taldeko parte da. Urreistik, Atain-ek eta Aldazabalek gizonezkoen zesta-punta kategorian jokatuko dute; Mugartegik eta Lizardik, aldiz, emakumezkoen kategorian. Azken horiek, gainera, ohiko aurkarietako bat selekzioko kide edukiko dute Mexikon: Maite Ortiz de Mendibil arabarra.
Mexikora abiatu orduko, selekzioko lantaldetik Mexikoko klimatologia baldintzek eduki dezaketen “zeresana” azpimarratu dute: “Mexiko Hiria 2.240 metroko altueran dago, horrek beregain dituen baldintza guztiekin. Altuerak asko eragiten du jokatzeko orduan edukiko duten umeltasun mailan, baita pilotak mugitzeko duen moduan ere. Zentzu horretan, hegoamerikarrek edota mexikarrek eurek abantailatxoa edukiko dute, egoera horretan jokatzera egokituta baitaude”.