Geoparkean gidari izateko trebakuntza ikastaroak eskainiko dituzte
Ikastaroa doan izango da eta urtarrilaren 30 izango da horretarako azkenengo eguna. Otsailaren 13an abiatuko dira alde teorikoari buruzko saioak.
Mutrikun, Deban eta Zumaian dagoen ondare naturala eta kulturala ezagutzera ematea da Euskal Kostaldeko Geoparkearen helburuetako bat eta kalitatezko irteera gidatuen eskaintza zabalari eusteko asmoz gidari izateko trebakuntza ikastaroa abiarazi dute.
Gidari lanetan ari direnei edo etorkizunean jarduteko interesa dutenei zuzenduta dagoen ikastaroaren helburua izango da Geoparkeari buruzko oinarrizko ezagutza jorratzea: “Ezinbestekoa da ondo trebatutako gidariak edukitzea, hauek izango baitira lurraldeak dituen balio nagusiak interpretatu eta modu erakargarri batean bisitariei azalduko dizkietenak”.
Ikastaroak alde teorikoa eta praktikoa izango ditu. Alde teorikoa otsailaren 13an eskainiko da, Zumaiako Algorri Zentroan, 16:00etatik 19:00etara. Alde praktikoa, berriz, otsailaren 27an eta 29an eta martxoaren 1ean egingo da, 10:00etatik 14:00etara.
Ikastaroan parte hartu nahi dutenek urtarrilaren 30a baino lehenago izena eman beharko dute geoparkea@geoparkea.com posta elektronikora CV laburtua eta interes gutuna bidaliz. Ikastaroaren edukiera mugatua izango da, hortaz, “25 eskaera baino gehiago jasoko balira Geoparkeak aukeraketa bat egingo luke”.