'Hil Arte Bizi' egitasmoaren bigarren zatia egingo dute Markina-Xemeinen
Bihar [urtarrilak 17] aurkezpen hitzaldia emango du Nere Erkiaga tanatologoak. Tailerrak urtarrilaren 31n eta otsailaren 7, 14 eta 21ean izango dira.
Markina-Xemeingo Udalak antolatuta heriotzaren inguruan hausnartu, erabakiak hartu eta norbere eskubideak ezagutzeko Hil Arte Bizi tailerren aurkezpen hitzaldia eskainiko du bihar [urtarrilak 17] Nerea Erkiaga tanatologoak.
Erkiagak adierazi duenez, Hil Arte Bizi egitasmoa zergatik sortu zuen azaltzeaz gain, tailerraren helburua ere azalduko du: “Tailerren helburu nagusia heriotzaren aurrean herritar modura ahaldunduta egotea da, behar den ezagutza jasotzea, oinarrizkoa behintzat, eta hainbeste alorretan erabaki dezakeguna ezagutzea”.
Tailerren lehenengo zatia iazko udaberrian egin zuten arren, Erkiagak azaldu du ez dela beharrezkoa lehenengo zatia eginda edukitzea bigarrena egin ahal izateko: “Bigarren zatian osasungintzari begira jarriko gara”.
Tailerren inguruko informazio gehiago jaso nahi dutenek bihar [urtarrilak 17] edukiko dute aukera, 18:30ean, kultur aretoan. Hitzaldiaren ostean tailerrei ekingo diete, lau saiotan banatuta: urtarrilaren 31n eta otsailaren 7, 14 eta 21ean, 18:00etatik 20:30era, kultur aretoan. Tailerretan parte hartzeko izena eman beharko da 20 euroren truke udaletxeko Berton bulegoan, urtarrilaren 29a baino lehen.