Adingabeen zentroko erabiltzaileen egoera salatu du Ondarroako Udalak
Astelehenean [urtarrilak 15] zentroko gazte erabiltzaile batek salaketa jarri zuen Udaltzaingoan. Bizkaiko Foru Aldundiaren harrera plana eraberritzearen beharra azpimarratu dute.
Ondarroako Udala kezkatuta dago Kamiñazpiko adingabeen zentroko erabiltzaileek bizi duten egoeragaz, eta ikerketa bat abiatu du astelehenean [urtarrilak 15] zentroko gazte erabiltzaile batek Udaltzaingoan jarritako salaketaren harira.
HITZAk jakin ahal izan duenez, gazteak zentroko langile baten aldetik eraso bat jasan zuela salatu zuen Udaltzaingoan. Gaztea Udaltzaingora aurkeztu zen, bakarrik, egoeraren berri eman eta laguntza eskatzeko. Atzo, ostera, bigarren gertakari baten berri jaso zuten Udaltzaingoan, gazte berberaren eskutik.
Egoera gogor eta zaurgarrian dauden gazte horien egoeragaz kezkatuta daudela jakinarazi du Urtza Alkorta Arrizabalaga Ondarroako alkateak: “Asteleheneko salaketaren bidez jakin genuen zentroan jazotakoa, salatzailearen ahotik. Oso gertakari larriak dira kontatutakoak, bai astelehenean kontatutakoak eta baita atzo kontatutakoak ere”. Egoera are gehiago larritzen du egoera horiek “ohikoak” direla entzuteak.
“Harrera herria gara, ez hitzez soilik, baita ekintzaz; erakutsi egin behar den gauza bat da”.
Udalak laguntza emateko prestutasun osoa adierazi du, “orain arte egin bezala”, baliabideak euren esku ipiniz, eta horrela adierazi diote hasieratik Bizkaiko Foru Aldundiari: “Zentroa zabaldu zenetik, zabaltzeko moduak eta denboran nola egin zen esatera sartu gabe, udala izan da etengabe Bizkaiko Foru Aldundiagaz harremanetan jarri dena informazio eskatzeko eta laguntza eskaintzeko, beti ere gazte hauen bizikidetza sustatzeko asmoagaz. Kasu honetan ere horrela izan da”.
Gatazkaren aurreko iritziak albo batera utzita, salaketa jarri duen gaztearen egoera jarri du erdigunean udalak: “Gatazka bat dagoen bakoitzean gertatzen den modura, iritzi kontrajarriak egongo dira, eta udala ez da horiek epaitzen hasiko, baina salaketa ipini ostean gazteak bizitakoak eta jasandakoak erabat kezkatzen gaitu”.
“Sistemak porrot egin du, beste behin ere, ez du funtzionatzen, eta argi dago”.
Bizkaiko Foru Aldundiaren harrera plana zalantzan jarri eta sistemaren hutsuneak agerian laga dituzte. Udaletik gazteak herrian murgiltzeko ahaleginak egiten ari direla azpimarratu dute, eta aldundiaren aldetik oztopoak besterik ez dituztela jaso: “Iritsi eta gutxira egin genien udal ordezkarion aurkezpena, gure baliabideak eta azpiegiturak zein ziren azaldu, eurekin hitz egin, eurei entzun… udaleko sail desberdinak murgildu dira plan honetan. Herriko hainbat jardueratan ere murgilduta daude, herritarrekin harreman zuzena daukate, kiroldegiko erabiltzaileak dira… Baina ohartzen ari gara Bizkaiko Foru Aldundiak ez duela nahi udala gehiegi murgiltzea gazte hauen gizarteratzean, horretarako mugak ipiniz. Guk, elkarlanean sinisten dugu”.
“Lagundu gabeko adin txikiko atzerritarrei harrera egiteko egun dagoen sistema eta kudeaketak, ez dio erantzuten bizi dugun errealitateari”.
Hala ere, udaletik gazteak herrian murgiltzeko ahaleginak egiten jarraituko dutela azpimarratu dute: “Harrera herria gara, ez hitzez soilik, baita ekintzaz ere; erakutsi egin behar den gauza bat da”.
Herritik erantzuna emateko ahalegina eta beharra abiapuntu, erakunde publikoen erantzukizuna erdigunean ezarri dute.
Harrera planaren eraberritze integrala behar dela nabarmendu dute: “Sistemak porrot egin du, beste behin ere. Gazte hauek ere herritarrak dira, eta ez bigarren mailakoak. Ez dira alboratu behar, eta ikusten dugu hori dela etengabe gertatzen ari dena. Horrek erakusten du egungo sistemak ez duela funtzionatzen eta plan integral on baten falta dagoela. Lagundu gabeko adin txikiko atzerritarrei harrera egiteko egun dagoen sistema eta kudeaketak ez dio erantzuten bizi dugun errealitateari”.
Herritik erantzuna emateko ahalegina eta beharra abiapuntu, ezinbestekotzat jo dute erakunde publikoek dagokien erantzukizuna euren gain hartzea: “Pertsonen bizitzaz ari gara, eta hori guztiaren gainetik dago. 18 urte betetzen dituen gazte bat kale gorrian uztea ez da bidezkoa, eta horri erantzun bat emateko gai izan behar gara gizarte modura, erakunde publikoetatik”.