Artzainerrekan bertoko espezieak landatzeko auzolanerako deia egin dute
Auzolanerako deialdia eta egindako lanketari buruzko informazioa zabaltzeko hitzaldia zehaztu dituzte.
Mutrikuko natura ondarea berreskuratzeko bidean beste urrats bat emango dute Mutrikun: bertoko espezieen landaketa egingo da Artzainerreka inguruan. Auzolanean egiteko deialdia eta inguruari eta egindako lanketari buruzko informazioa zabaltzeko hitzaldia zehaztu dituzte.
Ondare naturalaren balio eta kontserbazioarekin arduratuta, duela urte batzuk abiatu zuten elkarlana Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Mutrikuko udalak Artzainerreka bailarako baso naturalak berreskuratzeko asmoz. “Artzainerreka inguruko baso natural asko suntsituak izan diren arren, geratzen diren baso naturalen arrastoek biodibertsitate oparoa erakusten dute”.
2023ko urrian urmaela sortu zuten auzolanean eta orduan zehaztu zuten bezala, beste hitzordu bat jarri dute orain. Urtarrilaren 24an Artzainerreka bailaran ondare naturala berreskuratzen hitzaldia eskainiko du Aranzadi Zientzia Elkarteko Yoana Garcia Mendizabalek, Artzainerreka inguruko basoen garrantziaz eta orain arte egindako lanez hitz egingo du.
Ostean, urtarrilaren 27an [zapatua] auzolanerako hitzordua zehaztu dute: “Bailara honetan berreskuratzen ari garen basoan bertako espezieen landaketa auzolanean egiteko deialdia zabaltzen da. Ekintza hauen bitartez, Mutrikuko herritarrak haien ondare naturala ezagutzeko eta haren babesean parte-hartze aktibo eta komunitarioa izan dezaten aukera eskaini nahi da”.
Parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute. Horrez gain, lanerako arropa eta oinetako erosoak eramatea gomendatu dute, baita lanerako tresnak ere. “Aitzur eta eskularruak eskuragarri egongo dira baina nahi izan ezkero norberak bereak eraman ditzake”.
EGITARAUA
- Urtarrilak 24 [eguaztena]. Artzainerreka bailaran ondare naturala berreskuratzen, 18:00ak, Zabiel kultur etxean.
- Urtarrilak 27 [zapatua]. Berreskuratu dezagun artzainerreka bailarako basoak! auzolana, 09:30ean, Txurruka plazan.