Behi esnearen kontsumoaren aldeko kanpainagaz hasi da Leartiker Esneki Zentroa
Kanpainagaz euskal gizarteak bertoko behi esnearen aldeko apustua egitea lortu nahi dute. Urtarrilean eta otsailean zabalduko dute informazio guztia.
Leartiker Esneki Zentroak behi esnearen kontsumoaren aldeko kanpaina abiatu du, Eusko Jaurlaritzaren Berriker dirulaguntza programaren babesagaz eta Neiker Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeagaz elkarlanean.
Zaindu zure ingurua, edan betikoa. Behi esnea, baina ez edonolakoa leloagaz aurkeztu dute kanpaina, euskal gizarteak bertoko behi esnearen aldeko apustua egitea helburu. Urtarrilean eta otsailean zabalduko dute informazio guztia Leartiker Esneki Zentroaren sare sozialetan eta webgunean. Leloagaz esnegintzaren sektorearen eta sektorea bera dagoen inguruaren arteko lotura balioan jarri nahi dute: “Daukaten harreman jasangarria nabarmendu nahi dugu. Batak bestea elikatzen dutelarik, bertako esnea goraipatuz eta nabarmenduz”.
Helduei bideratutako kanpaina horretan, behi esnearen onura desberdinen berri emateagaz batera, kontsumo ohituretan aldaketa egitera animatu eta jasangarritasunaren aldeko apustua egitera animatu nahi dituzte kontsumitzaileak. “Helburua esnegileek eta esnegintzaren sektoreak berak euskal gizarteari eta berau osatzen duten osasunari zein ingurumenari egiten dioten gizarte ekarpenak ezagutaraztea eta ikusaraztea da”.
Nutrizio aldetik eskaintzen dituen onurak azaltzeaz gain, esnea produzitzeak ingurumenari eragiten dizkion onurak ere gogora ekarri nahi dituzte, jasangarritasuna erdigunera ekarriz. Bestalde, familia ustiategien gainbeherari aurre egiteko urgentzia ere azpimarratu dute.